Sektorean ordezkaritza duten sindikatu guztiek deituta, azaroaren 28an hasi eta abenduaren 19ra arte zortzi greba egun egingo dituzte Bizkaiko metalgintzako langileek. FVEM patronalarekin izandako bileretan aurrerapusorik ez da egon.
Berriz ere borroka eta mobilizaziorako deia hedatu da Bizkaiko industriaguneetan, lurraldeko sektore indartsuena den metalgintzan milaka langilek bizi duten egoera prekarioari aurre egin nahian. FVEM egoitzaren aurrean prentsaurrekoa eskaini dute sindikatuek (ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT) ostegun goizean eta bertan iragarri dute zortzi greba egun deituko dituztela.
Patronalak Bilbon duen eraikinaren aurrean akanpatuta abiarazi dute mobilizazio ziklo berria sindikatuek, euren egoeraren inguruko informazioa eskaini eta arratsaldean 18:30ean manifestazioa egingo dute Euskadi Plazatik abiatuta.
Azken asteetan hainbat bider bildu dira FVEMeko ordezkariekin, azkena asteazkenean, baina erantzunik eza nabarmendu dute sindikatuek, "bilerara denbora irabaztera joan dira", salatu du CCOOk. Hala, azkeneko grebak egin zituztela hilabete pasa denean, beste zortzi greba egun egiteko deialdiak erregistratu dituzte: azaroaren 28 eta 29an eta abenduaren 4, 5, 12, 13, 18 eta 19an.
Banaketa justuagoaren eta berdintasunaren alde
Besteak beste, langielek eskatzen dute aldi baterako kontratuei mugak jartzea eta lan osasunaren arloan ere neurri zorrotzagoak hartzea; horrez gain, subrogazioa eta irabazien banaketa "justuagoa" ere eskatzen dute: "Galdutako eros ahalmena berreskuratzeko adina igoera eskatzen dugu soldatetan", azaldu du ELAk.
Enpresek genero berdintasunerako pauso gehiago eman ditzatela ere eskatu dute sindikatuek, eta datu bat eskaini dute errealitatea zein den adierazteko: metalgintzan lanean diharduten langileen %15 baino ez da emakumea, eta soldata arrakala jasaten dute.