argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko metalaren greba egunei aldarrikapen oihuekin eman diete amaiera
  • Manifestazio batekin itxi dute greba astea Bilbon. Langileek hitzarmen duin baten, langileen soldaten egokitzapenen eta prekarietatea ezabatzearen aldeko aldarrikapenak egin dituzte martxan.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko urriaren 04a
Argazkia: ELA

Ostiralean 12:00etan deitu dute sindikatuek manifestazioa Jesusen Bihotza plazan. Aurreko egunetan Bizkaiko herri ugaritan milaka pertsona batu izan dira. Ostegunean Sestaon deitu zen elkarretaratzean, Deiane Arrieta ELA sindikatuko ordezkariak adierazi zuen mobilizazioak izaten ari diren jarraipenak “langileen haserrea eta patronalaren bidegabekeria” erakusten dituela: “Kalean jarraituko dugu hitzarmen duin bat lortu arte”.

Bizkaiko metalgintzako sindikatu guztiak batu diren greba honetan, LABeko ordezkaria den Iratxe Azkuek esan du “gero eta urduritasun handiagoa” nabaritzen dutela sindikatuek Eusko Jaurlaritzan eta Metalgintza Lantegien Bizkaiko Federakundean, “funtseko eztabaida eta Bizkaiko metala kalean protestaka zergatik dabilen saihestu nahian dabiltzalako”.

Enpresen erantzuna grebari

Aste osoan pikete ugari aritu da Bizkaiko enpresetan, eta protesta sinbolo gisa Bilbon San Mameseko sarbidea oztopatu zuten, errepidea moztuz. Aste honetan, enpresa askotako langileek hartu dute parte grebetan. Bien bitartean, enpresak grebari aurre egiteko moduak bilatzen aritu dira, eta asteburuetan lan orduak sartuko dituzte batzuek, sortu izan litezkeen galerak ekiditeko. Metalgintzatik kanpoko enpresa batzuetako langile batzordeek ere bat egin dute manifestazio eta mobilizazioekin.