Bizigay elkarteak publiko egin duen komunikatuan instituzioek bultzatutako ekimena kritikatu dute. Azpimarratu dutenez, aniztasun sexuala bultzatzetik urruti, interes ekonomikoa besterik ez dago ekimenaren atzean.
Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala Vienan egon dira EPOAren (European Pride Organisers Association) urteroko asanbladan, Europride ekimena Bilbon ospatzea lortu asmoz. Hurrengo bilera, momentuz, Bilbon hitzartu dute.
Bizigay aniztasun eta askatasun sexualaren aldeko elkarteak kritikatu egin ditu bi instituzioak. Elkartearen aburuz, Bizkaiko instituzio publikoen “ekimen sukarra” tarteko Bilbon antolatzen ari diren beste makro ekimen bat gehiago da Bilbao Bizkaia Pride.
Bertako LGBTI+ mugimendua kontutan hartu gabe bultzatu eta antolatutako ekimena dela eta beronen atzean interes ekonomikoa besterik ez daukan merkatari elkarte bat dagoela azpimarratu du Bizigayk. Elkartearen arabera, “oso deigarria da ekimena Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Garapen Sailetik bultzatzea” eta ez politika sozialen ardura duen udaleko sailetik edo foru departamentutik.
Bilboko Udalari “hipokrita” izatea leporatu diote, guzti honekin “aniztasun politiketan izandako utzikeria eta akats larriak zuritzea” bilatzen duela baiteritzote. Utzikeria horren adierazle, orientazio sexualagatik eta genero identitateagatik ematen diren erasoen kontrako protokoloa 2016 urtetik airean dagoela jakinarazi dute. Ildo berean, udal politiken diseinu, jarraipen zein ebaluaketa egiteko Ekainak 28 Koordinadorarekin osatutako lankidetza mahaia desaktibatuta daukatela azpimarratu dute.
Instituzioek ekimenera bideratutako aurrekontua ere hartu dute hizpide. Bizkaiko Foru Aldundiak aniztasun afektibo-sexuala eta familiakoa lantzeko proiektuetara 70.000 euroko aurrekontua bideratzen duela jakinarazi dute, proiektu zein elkarteko 15.000 euro baino gehiago jasotzea galaraziz. Bilbao Bizkaia Pride ekimenera, ostera, 36.209,25 euro bideratu dira 2018an, elkarteen proiektuetara bideratzen den zenbatekoaren erdia baino gehiago, baita proiektu bakan batek jaso dezakeen kopuruaren bikoitza baino gehiago ere.
Gaitzetsi egin dute Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak “ekimenak hartu eta turistak erakartzea” lehenesteko joera. “Zehazki, G letran ardaztuz, maila ertain-altuko erosteko ahalmena daukaten gizonezko homosexualak erakartzea bilatzen dute, udal eta foru-arduradunek behin baino gehiagotan adierazi duten modura”, kritikatu dute.
Indarrean den hiri eredua ezbaian jarri eta beste Bilbo baten aldeko aldarria egiten duen Piztu Bilbo, Itzali MTV eragilea ere argi mintzatu da kontu honen bueltan: “Lehenik kultura, gero kirola eta gastronomia, eta orain gure identitateak eta desirak merkantilizatu nahi dituzue. Ozen esan nahi dugu, gure nortasunak eta identitateak ez daude salgai”.