argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko hondakinen kudeaketa
  • Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaz geroztik hondakinen kudeaketan Bizkaian dauden hutsuneak nabarmendu ditu talde ekologistak txosten batean. Azaldu duenez, hondakinak kudeatzeko plan berriaren zirriborroa oraindik ez da onartu eta 2016koa dago indarrean. Hondakin organiko bereizteko eta tratatzeko neurri nahikoak ez hartzea egozten dio, besteak beste, kudeaketa plan berriari.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko otsailaren 02a

Hiru urte dira Zaldibarko hondamendia gertatu zela, bi heriotza eta ingurumen krisi larria eragin zuena. Ekologistak Martxanek esanetan hondakinak kudeatzeko sistema eraginkorren inguruan hitz egin beharra dago halakoak berriz ez gertatzeko.

Talde ekologistak txosten batean nabarmendu du Bizkaiak baduela erronka nagusi bat: frakzio organiko guztia bereizita biltzea, "zentzu horretan ez doan guztiak porrota dakarkie kudeaketa ereduei". Azaldu duenez, 2022ko irailean Bizkaiko Foru Aldundiak aurkezturiko hondakinen kudeaketa plan integralaren zirriborroak ere dio ezinbestekoa dela frakzio hori guztia bereizita jasotzea, Europako zuzentarauak hala agintzen duelako besteak beste, baina aldundiak berak aitortzen du ez duela %100 hori bereizita biltzea lortuko.

Hondakinen kudeaketa planaren zirriborroa onartu gabe dago oraindik –gaur egun 2016ko planaren luzapena dago indarrean– erakunde ugarik helegiteak jarri baitizkio. Besteak beste, Bizkaian aurreikusitako hondakin organiko guztiarentzako (134.000 tona urtero) azpiegitura nahikorik ez jasotzea egozten diote planari, baita "Sortzeagatiko Ordainketa" bezalako sistemen aldeko apustu irmorik ez egitea, eta ontzi arinen bilketa "komunikazio eta sentsibilizazio" kanpainetan oinarritzea: "Sentsibilizazioarekin bakarrik nahikoa izango da?".

Horrez gain, Ekologistak Martxanek dio plan proposamen berriak errausketa jartzen duela sistemaren muinean eta industria-hondakinak erretzeari ateak irekitzen dizkiola.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko hondakin industrialetarako proiektatu dituen 4 zabortegiek fibrozementu edo amianto gelaxkak izango dituztela salatu du talde ekologistak: "Zaldibarko luizian frogatu zen bezala, hautsi daitezkeen gelaxketan dagoen hondakin arriskutsua da", dio. Beren ustez, "trantsiziozko" zabortegiak egon behar badira "kontrol zorrotzarekin, gardentasunez eta modu demokratikoan izapidetuta, eta ixteko, deskontaminatzeko eta zigilatzeko epeak ezarrita", behar dute izan.