argia.eus
INPRIMATU
“Bizkaiko garbiketa enpresa handienaren” bulegoak okupatu dituzte, sektoreko hitzarmenaren alde
  • Gora Garbitzaileak taldeak gauzatu du ekintza zuzena. ISS Facility Services garbiketa enpresak Bilbon dituen bulegoetan sartu dira hainbat pertsona, beren aldarriak helarazteko.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko martxoaren 09a

Martxoaren 8aren biharamunean, atsedenerako tarterik hartu gabe, beren eskubideen alde borrokan jarraitu du Gora Garbitzaileak izeneko taldeak. Asteazken goizean, ekintza zuzena gauzatu dute Bilbon. ISS Facility Services garbiketa enpresaren bulegoak okupatu dituzte, salatzeko enpresa horretan langileak esplotatzen direla eta hitzarmena blokatzen dela.

Ecuador Etxeak bideoan jaso du ekintza. Bertan ikus daiteke nola sartzen den bulegoetan hamar pertsonatik gorako taldea, korridoreetan barrena aldarriak aireratzeko.Martxoaren 8ko biharamuna izanik, "atzo ezinbestekoak, gaur ikusezinak" izatea leporatu diote enpresari. Horrez gain, bestelako mezuak ere entzun ahal izan dira, "negoziaketa da konponbidea" edota "jo ta ke, irabazi arte" kasu. Bozgorailutik adierazi dutenez, "ISS Facility Services Bizkaiko garbiketa enpresa handiena da".

Gora Garbitzaileak taldearen sorreraren berri martxoaren 3an eman zuten. LAB Sindikatuak sare sozialetan argitaratutako mezuan azaldu zuenez, Bizkaiko hitzarmenaren alde eta ekintzara pasatzeko xedez langileek sortua.

Taldeak, sortzearekin batera, hala adierazi zuen: "Gora Garbitzaileak formula berriak bilatzeko sortu da, ezkutuan egoteaz nazkatuta dagoen sektore baten borroka ikusarazteko formulak. Ia 30 urteren ostean Bizkaiko garbiketan greba deitu da berriro, eta deialdia berotzen duen bultzada izatea erabaki dugu, blokeoaren ardura duten enpresak seinalatzen dituen atzamarra". Adierazpen horiek eta beren lehen ekintza jaso zituen ESK Sindikatuak sareetan argitaratutako bideoak, eta bertan aurreratzen zenez atzetik etorriko ziren ekintza gehiago. Esan eta egin, asteazkenean ISS Facility Services enpresaren bulegoak okupatu dituzte.

 

Gora Garbitzaileaken hitzetan, hitzarmen duina lortzean desegingo da taldea.