argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko Foru Aldundiak 600.000 euro gastatuko ditu laguntza sozialen kontrola areagotzeko
  • Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak aurkeztu du “laguntzak bai kontrola ere bai” kanpaina, laguntza sozialetan jarraipen estuagoa egiteko eta baldintzak berrikusteko. 600.000 euroko aurrekontua erabiliko da “16.000 prestazio eta 350 zentro baino gehiagotan zerbitzu horiek eta euren helburuak betetzen direla egiaztatzeko”.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko irailaren 13a

Rementeriaren arabera “Bizkaia gizarte solidarioa da eta aurrerantzean ere izaten jarraitu nahi du baina, aldi berean, erakundeek gizarte laguntzen kontrol handiagoa garatzea nahi du: laguntzak bai, kontrola ere bai.”

Dagoen iruzurraren gaineko daturik eman gabe egin du kanpainaren aurkezpena Rementeriak Isabel Sanchez Robles Gizarte Ekintza diputatuak eta Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak lagunduta, bi sail hauetan eragina izango duelako planak.

2017-2019 urteetarako Plan Orokorraren barruan egingo dira berrikuspenak eta “benetan” behar duten pertsonei kalitatezko laguntza bermatzeko neurria dela esan dute.

Askotan izan da laguntza sozialen polemika azken urteetan. PPko Javier Marotok adibidez, "Laguntza Bidezkoagoak" elkartearekin bat egin zuen Gasteizko alkate zenean. Oinarrizko errenta jasotzen duten pertsonak, bereziki migratzaileak, seinalatu izan zituzten, dikurtso xenofobo bat plazaratuz.

Kanpainareko erabiliko duten kartela