argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko erresidentzietako langileek kanpaldiari ekin diote Foru Aldundiaren aurrean
  • Bizkaiko zahar-etxeetako gatazkaren korapiloa ez da askatu. Erabiltzaileen bizi-kalitatea eta kalitate asistentziala ere hobetuko luketen lan-baldintza duinak eskatzen dituzte grebalariek.

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 20a
Bizkaiko erresidentzietako langileek kanpaldiari ekin diote Aldundiaren aurrean. (Arg.: ELA)

Apirilaren 7a arte antolatu diren mobilizazio eta lanuzte egutegi zabalaren parte da gaurkoa.  ELAko Bizkaiko erresidentzietako bozeramaile Soraya Garciaren hitzetan, “laborala eta soziala den gatazka hau oraindik ere konpondu ez bada, funtsean, emakumeak garelako da”. Sektoreko langileen %95 emakumeak dira.

Urtebete daramate gatazkan beharginek eta protesta berriarekin korapiloa askatu gura dute.  Erresidentzietako zerbitzu honen %70a Bizkaiko Diputazioak ordaintzen du, baina, ELAren arabera, “ez honek ezta sektoreko patronalek –GESCA, LARES, ELBE–ez dute inongo borondaterik akordio justu bat lortzeko”.

Sindikatuak gaineratzen duenez, sektoreko enpresei ordaintzen jarraitzen du Aldundiak, azken hauek zerbitzua eskaintzen ez badute ere. ELAren kalkuluen arabera, “greba eguneko 100 egun baino gehiagotan 4 milioi euroko etekina jaso dute enpresek, eskaintzen ez duten zerbitzu baten truke”.

Hileko 1200 euro

ELAk azpimarratu duenez, “langileek tinko eutsiko diote borrokari euren oinarrizko eskakizunak eskuratu arte: hileko 1.200 euroko soldata, urteko 1.592 orduko lanaldia eta ratioak eguneratzea, hemeretzi urtean ez baitituzte ratio horiek berrikusi. Baldintza horiek denak onartu bitartean borrokan jarraitzeko asmoa azaldu dute.