argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko erresidentzietako langileek greban segituko dute beste lau astez
  • Greba deialdi berria hasi dute Bizkaiko zahar-etxeetako langileek. ELA sindikatuko ordezkariek jakinarazi dutenez, beste lau astez grebara deitu dituzte. Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen gutxieneko zerbitzuen aurkako errekurtsoa aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundiak "erabiltzaileen arreta bermatzeko".

Uriola.eus @uriolaeus 2017ko apirilaren 27a
Genero berdintasunaren aldeko borroka langileen eskubideenekin uztartzen ari da Bizkaiko erresidentzietako greban Muñozen ustez (argazkia: ELA).

"Eguneroko murrizketak eta soldata zein lan baldintza gero eta okerragoak" pairatzen dituzte langileek egun. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren esanetan, egoera hori aldatzeko "langile asko antolatzen ari dira, bizi eta lan baldintza duinen alde borrokatzeko". Horren "adibiderik agerikoena" Bizkaiko erresidentzietan dago Muñozen aburuz, beste askoren artean. Kasu honetan, gainera, emakumeen protagonismo nagusiarekin. "Genero berdintasunaren aldeko borroka uztartzen da langileen borrokarekin". 

Asteazkenean, lau astez luzatuko diren grebaldia hasi dute Bizkaiko zahar-etxeetako langileek patronalarekin elkarrizketa eta negoziazioetan akordiorik adostu ez dutela eta. Guztira, 160. greba eguna zuten asteazkenekoa. Lan baldintzak "duinduko dituen lan hitzarmena" eskatzen dute langileek. Ondo bidean, ostiralean berrabiaraziko dituzte negoziaziorako bilerak "zentroz zentro". Sektorearen blokeoa gainditzea izango dute xede.

Asteartean Bizkaiko Foru Aldundiak administrazioarekiko auzi-prozesura jo zuen. Epaileari eskatu zion Aldundiak gutxieneko zerbitzuen gaineko erabakia hartu bitartean, Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak behin behinean bertan behera utz ditzala, beti ere Bizkaiko zahar-etxeetako "erabiltzaileen arreta bermatzeko". Orain arte %70-80 bitartekoak izan dira Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak. 

ELAk iragarri duenez, Maiatzaren Leheneko manifestazioan Bizkaiko erresidentzietako langileak "lehen lerroan" izango dira. Bilbon 11.45ean abiatuko dute protestaldia Jesusen Bihotzetik.

Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.