argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko erresidentzietako langileek abuztuan greban jarraituko dute
  • ELAk Bizkaiko Erresidentzietan dituen delegatuek asanblada egin zuten uztailaren 19an. Greba, gutxienez, abuztu osora luzatzea erabaki dute. 220 egunetik gora daramate greban eta 17 hilabeteko lan gatazkak.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 21a
Bizkaiko Erresidentzietako langileek 220 egun daramate greban (Arg.: ELA)

Langileek sektoreko hiru patronalek (GESCA, ELBE eta LARES) negoziazioan blokeo irmoa ezarri dutela salatu dute, “baina, horren aurrean –adierazi dute langileek– neka-neka eginda egon arren, ez garela geldituko Bizkaiko sektorea duindu arte”.

Irtenbidea Aldundiaren esku dagoela azpimarratu dute, zeinak sektoreko oheen %70 finantzatzen duen. Gainera, Aldundia eta Caser enpresak epaiketa batean gutxieneko zerbitzuak handitzen saiatu direla salatu dute: lehenak %80koa eta bigarrenak %99koa. Epaileak, greba eskubidearen kontrakotzat jo ditu gutxieneko hauek eta langileei eman die arrazoia.

“Emakunderen axolagabekeria”

Erresidentziako sektorearen %90a emakumeak dira. Horregatik, Emakunderi bilera eskatu zioten langileek, egoeraren berezitasunaren aurrean hitza hartu dezan, baina ezezkoa eman die, “agenda arazoengatik”.

Lan gatazka, genero gatazka argia da langileen arabera: “Enpresaburu askok ez gaituzte behargin gisa ikusten, emakume, eta, hartara, zaintzaile natural gisa baizik, eta horrek ‘negozio’ hau etekin handiak metatzeko bide bihurtzen du. Emakunderentzat gai hau ezaguna izan beharko litzateke, aspaldi baitabil sexu-segregazioa salatzen”.

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatu beharko lukeen erakundearentzat ez dela lehentasuna salatu dute, nahiz eta 5.000 diren sektore prekario honetako langileak.