argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko emaginen greba eguna astelehenean, Osakidetzaren udako murrizketak salatzeko
  • Satse Euskadiko Erizainen Sindikatuak deitu du greba, eta udako murrizketek eragindako lan karga arintzeko neurririk ez hartzea leporatu dio Osakidetzari.

Olaia L. Garaialde 2024ko uztailaren 01a
Emaginek asteak daramatzate karrikan euren egoera salatzen. Argazkia: Satse

Udan jasaten duten langile falta "larria" salatzeko kalera ateratzen ari dira Bizkaiko emaginak. Ordezkapenik gabeko emaginak, arretarik gabeko emakumeak lelopean, greba deitu dute uztailaren 1eko astelehenean. Horrez gain, egun berean, manifestazioa egingo dute Bilbon, 11:00etan, Jesusen Bihotzetik abiatuta. Satse Euskadiko Erizainen Sindikatuaren arabera, emaginak "oso kezkatuta" daude lanbidearen etorkizunarengatik eta emakumeen eta familien osasunagatik.

Udako murrizketek sexu eta ugalketa osasunerako oinarrizko eskubideak mugatzen dizkiete zerbitzura jotzen dutenei, sindikatuaren arabera, eta emakumeen arreta "mespretxatzea" dakarte: "Urte osoan eskaintzen diren zerbitzuak ukatzen zaizkie eta epe laburrera arreta eragozten zaie. Horrek atzerapena, ondoeza eta segurtasunik eza sortzen ditu emakumeen bizitzako une erabakigarrietan". Horregatik, emakumeen osasunean eragin negatiboak dituzten neurririk ez hartzeko, eta falta diren langileen hutsuneak betetzeko kontratazio politiko "eraginkor" eta "iraunkor" bat ezartzea eskatu diote Osakidetzari. 

Sindikatuaren esanetan, ez dago belaunaldi erreleborik eta prestakuntza espezializatuko plaza-kopuru eskasak dituzte. Hori dela eta, emaginen eta erabiltzaileen arteko ratio desegokia  "kronifikatzen" ari da. Udan dauden murrizketen ondorioz egoera areagotzen ari dela ere salatu dute.

Plangintza estrategiko baten beharra

OME Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioen arabera, emaginen eskasiari aurre egiteko epe luzeko plangintza behar da. Xedea da azpiegiturak hobetzea, bideratzeko bide zehatzak ezartzea eta kalitatezko zerbitzuak indartzeko baliabideak eta aurrekontu esleipen nahikoa sortzea. Sindikatua argia izan da Osakidetzaren jarrerarekin: "Helburu horiek lehentasun handieneko helburuak izan beharko lukete Osakidetzarentzat, baina plangintza estrategikorik gabe eta konponbiderik gabe jarraitzen dugu".

Emaginen lanaren garrantziaz ere mintzatu da sindikatua, eta nabarmendu du lana ez dela erditze zaintzara mugatzen: "Bizitza osoan emakumearen arreta bere gain hartzeko prestatutako profesionalak dira". Azaldu dute nerabeentzako sexu-heziketaz, nahi gabeko haurdunaldien eta sexu-transmisiozko gaixotasunak saihesteko arretaz, kontrazepzioaren gaineko arretaz, haurdunaldiaz, erditzeaz eta erdiberriaroaz, minbizi ginekologikoaren prebentzioaz eta beste kontu askotaz arduratzen direla.