ELA, LAB, ESK, CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek deituta, murrizketen aurkako lanuzteak egingo dituzte gaurtik hilaren 14ra bitartean Bizkaiko Correoseko hainbat bulegotan.
Portugaleten, Barakaldon, Basaurin eta Bilboko egoitza nagusian egingo dituzte lanuzteak. Sindikatuek salatu dutenez, langile kopurua murriztu egin da, eta gainera zuzendaritzak bajak eta oporraldiak ez kubritzeko agindua eman du.
Emandako datuen arabera, 2011tik 8.000 lanpostu finko desagertu dira Espainiako Estatuan, eta ordezkapenetara bideratutako aldi baterako kontratazioak %80 murriztu dira. Sindikatuek jakinarazi dute 120 lanpostu baino gehiago desagerrarazi dituztela jada Bizkaian.
"Zuzendaritzak merkataritza-irizpideei besterik ez die men egiten", diote langileek. Ahalik eta errentagarritasun handiena bilatzen dute, ordainetan zerbitzu publikoaren kalitatea eta enplegua kaltetuz. Bereziki mingarria iruditzen zaigu enpresa publiko batek enplegu sorrerarekin konpromiso hain txikia izatea. Langileak kontratatzea baino, nahiago dute banaketetan atzerapenak ematea".