argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko Bioetika Batzordeak erresidentzietako egoiliarren eskubideak “asko mugatu” direla salatu du
  • Txertaketa “inflexio” une bat izango dela espero dute egoitzetako langileek, egoiliarrek eta familiek. Txertaketa prozesua bukatzean, bisita kopurua eta maiztasuna handitzea eta erabiltzaileen arteko harremanak berrezartzea eskatu dute.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 01a

Pandemiak adinekoen egoitzetan izan duen eraginari buruz Bizkaiko Bioetika Batzordeak ateratako txostenean, egoiliarrek askatasuna oso mugatuta dutela salatu da eta askatasun handiagoa izan behar dutela eskatu dute. 

Onartu dute pandemia garaian erabilitako irizpide epidemiologikoak eraginkorrak izan direla kutsatzeak kontrolatzeko, baina egoitzako bizitzak izan dituen aldaketetan jarri nahi izan dute fokoa. Egoiliarren egunerokoa aldatu da, ez dute elkarrekin egoteko aukerarik izan, ezta egoitzetan eta egoitzetatik kanpo mugitzeko aukerarik izan ere. Isolamenduak egin behar izan diren uneak azpimarratu dituzte, egoiliarrek ordu asko igaro baitituzte gela txikietan, estimulazio eta mugikortasun aukerarik gabe. Egoera honek “bakardadea eta askatasun falta” eragin dietela egoiliarrei azpimarratu du batzordeak, eragin “psikoemozional larria" izan du pandemiak egoiliarrengan.

Ezin izan dute parte hartu zuzenean eragiten dieten erabakiak hartzen eta ezin izan dute askatasunez erabaki gainerako biztanleen moduan arauak bete nahi zituzten edo ez. Batzordeak adierazi du bereziki begiratuak eta baldintzatuak egon direla, eta askok ez dutela ondo ulertu gertatzen ari zena.

Txertaketak nolako ondorioak izango dituen oraindik ez dakigula dio txostenak, "baina ez dugu erabateko ziurtasuna bilatu behar, izan ere, galdutakoa berreskuratzeko eta pertsonen ongizatean pandemiak sortutako kalteak sendatzeko presak ez du baimentzen egungo egoera behar-beharrezkoa baino gehiago luzatzerik. Bitartean prestatzen joan behar dugu gutxienez egoitzetan bizi diren pertsonen askatasunaren zati bat berreskuratzen hasteko, eta beraien elkarreragina eta bizi kalitatea hobetzeko, aldi berean, osasuna zainduz. Ziurrenik arriskuak egongo dira ibilbide horretan, baina txertoek eman dezaketen babesarekin arrisku horiei aurre egiteko baliabide gehiago izango ditugu".

Batzordeak protokoloak malgutzen hastea proposatu du, txertaketen eraginkortasunaren ebidentziak jaso ahala eta bi proposamen zehatz egin ditu: Alde batetik, bisita gehiago baimendu daitezke, maiztasun gehiagorekin edo pertsona bat baino gehiagorekin; horrez gain, erabiltzaileen irteerak (banaka edo norbaitekin egiten dituztenak) luzeagoak eta mugikortasun handiagorekin izan daitezke. Bestalde, erabiltzaileen arteko harremanak berrezartzea aztertu daiteke, bizikidetza taldeak handituz eta espazio komunetan egotea baimenduz. Isolamendu aldien iraupena ere birbaloratu behar da eta egoitzetatik kanpoko gainerako biztanleei ezarritakoekin parekatu behar dira, eta diagnosi teknikak eta kasu susmagarriak detektatzeko protokoloak birbaloratu behar dira (espezifikotasun maila jaitsiz baina ongizatea eta tratu ona gehituz, betiere, bakunak arrazoizko arriskuak hartzeko eman ditzakeen ebidentziak oinarri hartuz).

Aldaketak Bizkaian

Bizkaiko zahar egoitzetan astelehenetik aurrera neurriak lasaiagoak izango dira. Arau berri hauen arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak bisitak jasotzeko eta erresidentziatik kanpo irteteko aukera gehiago emango ditu. Astelehenetik aurrera, egoiliar bakoitzak gehienez bi pertsonako bisitak jaso ahalko ditu eta presentzialak izateaz gain bideodeiak ere mantenduko dira. Irteeren kasuan, paseo terapeutikoak izango dute lehentasuna, gehienez bi pertsonekin eta astean bi aldiz.

Higienea, babes neurriak eta distantziak mantenduko dira, eta bisitariei tenperatura neurtuko diete. Egoiliarrek musukoa luzaroan eramateko arazorik izanez gero, distantzia mantenduko dela ziurtatuko da eta ahal izanez gero aire librean izango dira bisitak.