argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko bertso munduko emakumeen* lehenengo topaketa egin dute Markina-Xemeinen
  • Maiatzaren 22an bertso munduko eremu eta belaunaldi ezberdinetako 60 emakume* elkartu dira Markina-Xemeinen. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatu du ekimena, "elkar ezagutu, saretu eta gozatzeko" asmoz.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 24a
Bizenta Mogelen eskulturaren aurrean atera zuten talde argazkia Bizkaiko bertso munduko emakumeen* lehen topaketan elkartu ziren 60 kideek. Argazkia: Bertsoa.eus.

Bertsoa.eus hedabideak osatu duen kronikaren arabera, igande eguerdian elkartu ziren Markina-Xemeinen Bizkaiko bertso munduko hainbat alor eta belaunalditako 60 emakume*: "jubilatuak eta oraintxe hasi berri diren gaztetxoak", puntako bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak, bertsozaleak, antolatzaileak... Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatu du ekimena eta oso gustura gelditu da erantzunarekin: "Berriz egiteko eta ekimenari jarraipena emateko gogoz gelditu zen jendea" adierazi du Ione Narbaiza Elkarteko eragileak.

Gozatzea helburu, bertsotan

Aurten egitarau mardul bat bete beharrean, elkartzeari eta gozatzeari eman diote lehentasuna. Ez zen bertsorik falta izan, ordea. Bazkalostean hamabi bertsolari hauek aritu ziren bertsotan: Maider Altuna, Iruri Altzerreka, Miren Amuriza, Janire Arrizabalaga, Josune Armendi, Izaro Bilbao, June Diaz, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Aissa Intxausti, Enare Muniategi eta Jone Uria Albizuri. Eta hiru gai-jartzaile: Maite Berriozabal, Ainhoa Urien eta Maddi Zabalo.

Bizenta Mogelen omenezko irudiaren aurrean talde argazkia

Bizenta Mogel bertsolari eta idazle aitzindariaren irudiaren aurrean atera zuten talde argazkia. Mogelek duela 200 urtetik gora halaxe adierazi zuen, irudi horretan irakur daitekeenez: "Hasi behar da eta jarraitu, aurreratuko bada. Hasieran ez dira gauza osatuak ikusten. Geldika egiten dira aurrerapenak".