Urtarrilaren amaieran egin zen publiko Bizkaiko Batzar Nagusietako lan saioak, argitalpenak eta bestelako dokumentuak transkribatzeko zerbitzuaren lizitazio-iragarkia eta baldintzetako batek arreta deitu du: testuen itzulpena bizkaieraz egin dadila agintzen du baldintza teknikoen pleguak.
Plegu horrek ezartzen ditu zerbitzua eskaini nahi duen enpresak bete behar dituen baldintzak, eta honela dio laugarren atalean, kalitatearekin lotutakoan: “Testuen euskarazko itzulpena bizkaieraz egingo da, Bizkaiera.biz atariko ‘Bizkaieraz idazteko jarraibideek’ ezarritako irizpideen arabera”.
Pisu nabarmena dauka bizkaieraz egiteak kontratu publikoa adjudikatzeko erabiliko diren balorazio-irizpideen artean: hamabost puntu. Adibidez, Batzar Nagusietako interbentzioetan esaten dena “fideltasunez eta naturaltasunez” jasotzea, “jatorrizko zentzutik urrundu gabe”, gutxiago puntuatzen da (hamar puntu).
Gainera, bilkuren egunerokoan “idatzizko forma ahozko diskurtsora egokitzea” ere bost punturekin sarituko da, “euskalkia edo estandarra errespetatuz parte hartze bakoitzean”.
Kontratuaren aurrekontua 250.000 eurokoa da.