Grebari berrekin zioten astelehenean eta, APAVI patronalaren jarrera ikusi ondoren, azaroan ere bost greba egun egitea erabaki dute langileek. Greba mugagabe bilakatzea ez dute baztertzen.
Luze doaz borrokan Bizkaiko autoeskoletako langileak, ekainean hasi baitzituzten lanuzteak eta udazkenera arte luzatu dira. Urriaren 25etik 29ra greba egiten ari dira eta, sindikatuen arabera, "babes handia" izan du deialdiak. Lanuzteak ez ezik, manifestazio bat egin dute ostegunean, Bilboko (Bizkaia) Pio Baroja plazatik APAVI patronalaren egoitzaraino.
Patronalarekin hasitako negoziazioak "blokeatuta" jarraitzen duela azaldu dute langileek; hala, grebari eustea erabaki dute grebalariek. Izan ere, badira hamaika urte azken lan-hitzarmena iraungi zenetik, eta ordutik hainbat izan dira langileek hitzarmen bat lortzeko egindako saiakerak.
Greba deialdi berria eta langileen eskaerak
Testuinguru horretan, beraz, azaroaren 2tik 5era lanuzte gehiago egingo dutela esan dute, bai eta "mobilizazioak areagotzea" helburu dutela ere. Langileen eskaeren artean daude, besteak beste, soldaten erregularizazioa, soldaten arteko genero-arrakalarekin amaitzea, lanaldien murrizketa, ordutegien "arrazionalizazioa" eta erretiro partzialak.