Bizkaiko Batzar Nagusietako Ahal Duguren taldeak jakinarazi eta eldiario.es-ek zabaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiko sozietate publiko bik –Interbiak eta Azpiegitura– 111 milioiko likidazioak ordaindu behar izan dizkiete hainbat bankuri, 2006an egindako swap kontratuen ondorioz. “Zulo” horren zatirik handiena Interbiaki dagokio Ahal Duguren esanetan: ia 105 milioi euro.
Swap kontratuak arrisku produktuak dira, finantza-merkatuetan toxikotzat jotzen direnak. Bizkaiko Aldundiak berak emandako dokumentazioan oinarrituta, Ahal Duguk adierazi du lan publikoak sustatzen dituen Interbiak foru sozietateak 105 milioi inguruko galerak pilatu ditu 2006tik 2017ko martxora arte –ordukoak dira azken datuak–, kontratatutako bi swapen ondorioz. Bata, Europako Inbertsio Bankuarekin; bestea, zazpi banku eta kutxarekin: BBK, BBVA, Santander, Laboral Kutxa, Banesto, La Caixa eta Banco Guipuzcoano.
Mailegu bi horiengatik mila milioi euro inguru jaso zituen Interbiakek, eldiario.es-en esanetan; besteak beste, Hegoaldeko Saihesbidea, Kadaguako autobidea, Ballontiko errepidea eta A-8ko zabalkundea finantzatu ziren horiekin. Urteekin, ordea, interes tipoen amiltzeak sozietate publikoa behartu du urtero bankuei kopuru handiagoak ordaintzera.
Swap-a espekulazio produktu bat da, zeinean interes aldakorrak dituzten maileguetarako interes finkoa adosten den. 2006tik hona izandako tipoen jaitsiera handiak eragin du Aldundiaren menpeko sozietate biek kopuru handiak ordaindu behar izatea bankuei: interes finkoaren eta aldakorraren arteko diferentzia, hain zuzen.
Azpiegitura sozietatearen kasuan, diferentzia horrek ekarri duen galera 6,9 milioi eurokoa izan da 2006tik 2017ko martxora bitartean, BBKren kontratutako swap bat dela eta. Kontratu hori 2020ra arte egongo da indarrean, beraz arrisku handia dago galerak are handiagoak izateko. Interbiakek zazpi entitaterekin sinatutako swap-a, berriz, 2035arte dago kontratatuta.
Eldiario.es-ek dakarrenez, Aldundiak uko egin dio hasiera batean gaiari buruzko kazetarien galderei erantzuteari, eta iragarri du azalpenak asteazkeneko (urriak 25) Batzar Nagusien osoko bilkuran emango dituela, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun Diputatuaren ahotik.
Ahal Duguren bozeramale Neskutz Rodriguezek, bere aldetik, gogor kritikatu Aldundiaren menpeko sozietate publikoek ”bizkaitar guztien dirua” arriskuan jartzea mota horretako finantza-produktu espekulatiboak kontratatuz.