argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko adinekoen egoitzetan bi kaleratze salatu ditu EH Bilduk, grebaren atarian
  • Hilaren 21ean hasiko da ELA sindikatuak deitutako bi asteko greba Bizkaiko adinekoen egoitzetan. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak sindikatuari ohartarazi zion “edozein greba eskubideren gainetik adinduen duintasuna” dagoela. EH Bilduk, berriz, adierazpen horiek egin eta oso gutxira egoitza bateko bi langile kaleratu izana salatu du.

     

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko irailaren 19a

Deia-k jaso zituen hilaren 15ean Rementeriaren adierazpenak, hainbat komunikabidek argitara emandako txosten baten harira egindakoak. Informazio horren arabera, adinekoen egoitzetako langileek ekainean egindako greba zela-eta adinduak “arretarik jaso gabe” egon zirela onartu zuen Bizkaiko Aldundiak. Rementeriak adierazi du “bere esku dagoen guztia” egingo duela eta gogorarazi du txostenean aipatzen den ekaineko greban gutxieneko zerbitzuak areagotzeko eskatu zuela.

Bizkaiko Foru Aldundiak langileen greba eskubidearen aurrean duen jarrera “lotsagarritzat” jo du EH Bilduk. Rementeriak ELAren greba deialdiari erantzunda egindako adierazpenak baliatu ditu koalizioak, eta adinekoen duintasuna bermatzea “beharrezko baliabideak daudela” ziurtatzea dela azaldu du, baita “bertako langileen baldintzak duinak” direla bermatzea ere.

Kaleratzeak halabeharrezkoak ez direla salatu du EH Bilduk eta zerbitzua “kanpoko enpresen esku” utzi eta beste alde batera begiratzea leporatu dio Aldundiari. “Guztion arazoa da, ez langileen eta enpresaren artekoa”, gaineratu dute.

Aurten egindako grebarik luzeena

Hilaren 21ean abiaraziko duten grebaldia aurten sektorean egiten den lanuzterik luzeena izango da: martxoan eta ekainean hemezortzi greba egun egin zituzten. Asteko 35 orduko lanaldia, soldata igoera duina, baja-egoera hobea eta gehiegizko lanaren arazo “larriari” irtenbidea dira aldarrikapenetako batzuk.