Getxo eta Portugalete artean tunel bat eraiki eta Bilbo Hegoaldeko saihesbidea AP-68arekin lotuko du obrak.
Tamaina eta kostu handiko bi obraren berri eman du ostegunean Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. Batetik, Bilbo Hegoaldeko Saihesbidea (Supersur) AP-68 autobidearekin lotzeko lanak: Leioako Artazako biribilgunetik Portugaleteko Ballontiko ardatzera. Eta bestetik, Bilboko ibarraren azpitik bi aldeak lotuko dituen ia 3 kilometroko tunela.
320 milioi euroko aurrekontua izango du tunelaren eraikuntza lanak eta 2027 urterako bukatzea aurreikusten dute. Tunelaren ibilbidea eta ezaugarriak datorren hilabetean adjudikatuko den obrak hasi aurretik egin beharreko txosten informatiboan zehaztuko badira ere, elkarren ondoan joango diren bi tunel egiteko ideia azaldu dute, norabide bakoitzean bat eta errail bikoitzarekin biak.
Tunelarekin batera, Supersur eta AP-68 autobidearekin lotzeko proiektua ere aurkeztu dute. Saihesbidetik AP-8ra zuzenean sartzea ahalbidetuko duen 4,2 kilometroko errepide bat egitea da asmoa, Bolintxuko naturgune babestuaren gainetik pilarerik gabeko zubi bat eta bi tunel eraiki nahi dituzte. 203 milioi euroko aurrekontua bideratuko da lanotara, eta 2023rako bukatzea aurreikusten dute.
Rementeriak “Bizkaiko Foru Aldundiak azken hamarkadetan hartutako erabakirik garrantzitsuena” bezala izendatu duenaren helburua, esandakoaren arabera, Bilbo inguruetako errepideetan gertatzen ohi diren trafiko arazoak arintzea da. Bereziki hiru puntutan ematen diren trafiko pilaketei konponbidea ematea bilatzen ei dute: Arrondegiko zubikoei, A-8 errepideko Barakaldoko Max Center saltoki ingurukoei eta Leioako Artaza errepidekoei. Obrek Bilbon inguruetan bakarrik ez, Bizkaia osoko mugikortasunean antzemango diren aldaketak eragingo dituztela adierazi du Renteriak.
Etorkizunerako “onena”
Zerga bilketan egon den gorakadak eta datozen urteei begiratuz gero egin daitezkeen aurreikuspen “baikorrek” Diputazioa horrelako gastuei aurre egiteko gai izango dela dio Bizkaiko ahaldun nagusiak. Dena den, azpimarratu nahi izan du proiektu honi ekin izanak ez duela esan nahi etorkizunean dena libre izango denik obra kontuei dagokienez. “Lehentasunak finkatzen jarraitu behar dugu” azpimarratu du. Etorkizunerako onena zer den zehazteko eta lehentasunak finkatzeko zein irizpide erabiliko duten, hortxe gakoa.
Supersur-aren zulo beltza
Hainbat gizarte eragile eta talde ekologistak “Ampliación Supersur Ez!” plataforma aurkeztu zuten apirilaren 19an. Adierazi zutenez, ez dago obrak justifikatzerik jendarte, ekonomia eta ingurugiro aldetik aztertuz gero. Plataformakideen iritziz, “ez dago bide azpiegituren gabeziarik, baizik eta mugikortasunaren nahiz lurralde eta hirigintza planifikazioaren kudeaketa arazo larria”.
Kudeaketa arazo larri horren barruan kokatzen dute Bilbo Hegoaldeko Saihesbidea, Supersur bezala ere ezaguna. Egun Espainiako autobiderik garestiena izatearen domina daukan autobidea A-8ko auto-ilaren konponbide gisa aurkeztu zuten 2001ean. 465 milioi euroko aurrekontua bazuen ere, 2011an, proiektuaren lehenengo fasea inauguratu zenerako, gastatutakoa 821 milioi euro izan zen. 2016ko datuen arabera, hasiera batean aurreikusten zuten ibilgailu kopuruaren %50 ere ez da igarotzen bertatik.