argia.eus
INPRIMATU
Bizkaibuseko lehen lanuzteak jarraipen zabala izan du
  • 7:30etik 9:30era egin dute Bizkaibuseko zerbitzuek lehenengo lanuztea. ELAren arabera langileen %100ak babestu du. Foru Aldundiarekin adostasunik lortzen ez badute ostegunean zerbitzu oro eteteko asmoa dute sindikatuek.

ARGIA @argia 2013ko irailaren 24a
Bizkaibuseko langileak manifestazioan. Argazkia: LAB.

Bigarren lanuztea arratsaldean izango da 18:00etik 20:00etara. Bizkaiko Foru Aldundiak birmoldaketa plana jarria du mahai gainean Bizkaibus garraio zerbitzuarentzako, baina sindikatuak (ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO) ez dira ados haren planarekin. Sindikatuen iritziz, murrizketak ezarriko dituzte; zazpi ibilbide desagertuko dira eta milioi bat bidaiari geratuko dira eguneroko zerbitzurik gabe. Erabiltzaileez gain, sindikatuek 1.400 langileren geroa arriskuan dela uste dute. TCSA, CAV, Encartaciones, Pesa Bizkaia, Autobuses de Lujua eta Adnor enpresako beharginei eragingo lioke plan berriak.

Akordioren batera iristen ez badira, langileek lanuzteak egiten jarraituko dute eta irailaren 26an, ostegunean, 24 orduz ez dute zerbitzurik eskainiko. Urrian geldialdiak areagotuko lituzkete eta azken astean dena gelditzea dute helburu.