argia.eus
INPRIMATU
Bizkaibuseko gidari batek erabiltzaile baten jazarpen matxista jasan duela salatu dute
  • Jazarpena lanean ari zela hasi zen, eta handik kanpo jarraitu zuen. Avanza Durangaldeko langile batzordeak salatu du gidariak bakarrik eta babesgabe egon ohi direla lanorduetan.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 15
Irailaren 4ean gertatu zen erasoa, Zeanuriko lineako zerbitzuan.

Bizkaibuseko gidari batek autobuseko erabiltzaile baten partetik jazarpen matxista jasan duela salatu dute. Avanza Durangaldeko langile batzordeak egin du salaketa. Azaldu duenez, jazarpena gidaria lanean ari zela hasi zen, eta handik kanpo ere jarraitu zuen. 

Irailaren 4an gertatu zen erasoa, Zeanuriko lineako zerbitzuan. Gizonak gidariari txartel bat eman zion; bertan, bere telefono zenbakia emateaz gain, ea kafe bat hartu nahi zuen galdetu zion. Nahiz eta momentuan gidariak kasurik ez egin, lana amaitzean mugikor pertsonalean mezuak jaso zituen. Batzordearen arabera, ez da gizon horrek gidari eta bidaiarien artean txartelak banatzen dituen lehen aldia.

Gidariak babesgabe

Langile batzordeak salatu du lanorduetan gidariak bakarrik egon ohi direla, "babesik gabe" eta "unean uneko egoerei aurre egiteko baliabiderik gabe". Gaineratu du "aspalditik" ari direla zerbitzu seguru bat eskatzen.