argia.eus
INPRIMATU
‘Bizkaia, kolapsoaren aurrean’ birarekin Ekologistak Martxanek Bilboaldeko puntu beltzak erakutsi ditu
  • Ekologistak Martxan elkarteak, Euskal Gune Ekosozialistarekin elkarlanean, larrialdi klimatiko eta sozialaren aurrean Bilbo aldeak dauzkan puntu beltz nabarmenenak erakutsi dizkie hedabideei azaroaren 26an antolatutako Bizkaia kolapsoaren aurrean izeneko biran. Globalizazio kapitalistak ezarritako ekoizpen eta kontsumo ereduaren aurrean eraikitzen ari diren alternatiben aipamenak ere izan ziren.

Zero Zabor @zero_zabor 2020ko azaroaren 27a
IƱaki Barcena Bilboko portuaren atarian azaltzen energia ereduak eragin dizkigun arazoak. (Argazkia: Ekologistak Martxan)

Tour sinboliko eta adierazgarrian Bilboaldeko azpiegitura nabarmenetara eraman ditu Ekologistak Martxan elkarteak azaroaren 26an haren deiari erantzunez bildutako hedabideak. Biraren helburua zen, militante ekologistek adierazi zutenez, Bizkaiko gizartea ohartaraztea energia fosilen kontsumoak, biodibertsitatearen galerak eta, oro har, Europako txoko honetan bizi dugun "normaltasun hiltzailea" nola mamitzen den lurralde honetako zenbait azpiegitura handitan.

Autobusak lehenik eraman zitue Bilboko portura eta zehazkiago hor munduko beste muturretatik ekarritako erregai fosilak deskargatzen diren terminalera. Atarian Iñaki Barcena irakasle eta militante ezagunak azaldu zituen petrolioaren eta beste erregaien urritzeak jada erakusten dituen ondorioak, denborarekin larriagotzen joango direnak. 

Birak Supersur autobideko tartea egin zuen gero eta militanteek baliatu zuten kritikatzeko azpiegitura oso garesti honen zentzugabekeria, azalduz herritarrek mugikortasunaren mitoa baino behar dutena dela zerbitzuak eskueran edukitzea. Salatu zuten autobide hori sustatzaileek aurreikusitako jendeen erdiak baino ez dutela erabiltzen, ordainpeko errepideak aberatsenen eskueran bakarrik dauden seinale.

Bilboaldeko Ur Partzuergoa ere bisitatu zuten eta hor ekologistek ohartarazi zuten Euskal Herriko biztanle gehien biltzen duen inguru honen ur hornidura hain modu zentralizatu eta mugatuan egotea, ur eskasia indartzen ari denean berrantolatu eta dibertsifikatu beharra dagoena. Hortik Mercabilbaora jo dute, eskualdea hein batean elikagaiz hornitzen duen azoka-biltegi handira.  Bertan Amets Ladislao baserritarrak komentatu ditu elikagaien ekoizpen eta kontsumoan nagusitu den eredu produktibista industrialaren ezaugarriak eta horien aurrean hainbat laborari txiki, merkatari eta kontsumitzailek azken urteotan eraiki dituzten egitura alterlatiboak.

Horietako batean, hain zuzen, Labore elkarteak Santutxun daukan saltokian eman diete hamaiketakoa bidaian partaide zirenei. Hondakinen afera ere nabarmendu dute eta Gorka Bueno aritu da Zabalgarbi erraustegiak gure ekoizpen eta kontsumo ereduaren barrunbeez erakusten dituenak azaltzen.

Ostera autobusa hartuta, azken geldialdia Bilboko Inmigrazio bulegoaren atarian egin dute, Etxekotu Gabeko Emakume Langileen ordezkari Txefi Rocok ohartarazi ditu baidaiariak nagusiki gure zaharren zaintza lanetan ari diren beharginon arazoez eta denen ahotan dabilen zaintza kontzeptua modu egokian erabili beharraz..