Diru sarrera aldetik baldintzak betetzen dituzten herritar askok ez dutela Espainiako Gobernuak onartutako errenta jasotzerik izango eta 462 eurok ez duela inor miseriatik ateratzen adierazi du Bazterkeriaren Aurkako Argilan-ESK plataformak.
Espainiako Gobernuak onartu duen Bizitzeko Gutxieneko Errentak ez duela inondik ere pobrezia gainditzerik lortuko salatu du Bazterkeriaren Aurkako Argilan-ESK plataformak. Hori jaso ezinik geratuko dira diru sarrera aldetik jasotzeko baldintzak betetzen dituen herritar asko: 21 urtez beherakoak, paperik gabekoak eta "baldintza amaigabe eta konplexuen ondorioz" errenta hau onartuko ez zaienak. "Errenta ez da iritsiko muturreko pobrezia egoeran dauden pertsonengana ere" adierazi dute.
Bizitzeko Gutxieneko errenta 462 eurokoa izango da bakarrik bizi den pertsona batentzat. "462 eurok ez dute inor miseriatik aterako, ezta bizimodu prekariotik ere. Hilean 462 eurorekin agintari txarren kontzientzia lasaitzen dute, eta horrela, beren buruari esaten diote jendea, behintzat, ez dela gosez hilko".
Bazterkeriaren Aurkako Argilan-ESK plataformak, adierazi du Espainiako Gobernuak onartu duen Bizitzeko Gutxieneko Errentak "pobrezia eta kriminalitatearen arteko lotura indartu" egiten duela. Izan ere, kontrol-neurri andana ekarriko du berarekin: "Neurri horiek ikusita, badirudi uste dutela pobreek iruzur eginez gozatzen dutela, zerga-ihesa gogor praktikatzen duten eta maskarak eta arnasgailuak ematen dituzten gizon handi horiek ez bezala".