"Donostia Defendatuz izenarekin, hiriaren defentsan kezka bertsuak partekatzen ditugun zenbait talde eta herri-mugimenduk hirigintza garbi, partehartzaile eta jasangarri baten aldeko koordinadora ez-alderdikoi bat sortzea erabaki dugu". Hala aurkeztu dute beren burua ondorengo eragileek asteazkenean Donostiako udaletxearen kanpoaldean eskaini duten prentsaurrekoan: Dendartean, Ondare-SS, Satorralaia, Uliako Auzo Elkartea, Bizilagunekin, Belartza 2 Gelditu plataforma eta Haritzalde talde naturalistak.
Ekintzak koordinatzeko eta irizpideak bateratzeko asmoz lan egin nahi dutela adierazi dute. "Donostiako Udalaren kudeaketa txarraren kontra diharduten mugimendu guztiak biltzeko eta borroka lokal txikiei ahotsa emateko asmoz sortu da", adierazi dute.
"Donostiako udal gobernuak daraman hirigintza politika erasokorra da eragileok komunean dugun arazo hori, herritarren eta taldeen artean haserrea pizten duena. Donostia Defendatuz hirigintzaren arloan jarduera polemikoak pilatzen ari direla ikusita sortu da. Adibidez: Metroaren pasantea, Donostiako periferian merkatalgune handi gehiago eraikitzeko egitasmoak, lurraren suntsiketa eta artifizializazioa, hiriko arboladien mozketa masiboa, Uliako mintegien auzo-parkea urbanizatzeko propiektua, ezaugarri eta balio berezia duten eraikinak etengabe babesik gabe utzi eta eraistea, edota hotel berriak mugagabe hedatzea, besteak beste".
Beren iritziz interes ekonomiko handiei, promotoreei eta merkataritzako kate handiei "sistematiko" mesede egiten dien Donostiako Udalaren politiken ondorio da. "Udalaren hirigintza politika ekimen pribatuaren esku dagoela uste dugu, eta Donostia bizitzeko hiri izan ordez negoziorako hiri eredu bat eraikitzen ari dela, donostiarren kaltetan".
Lehen ekimena urtarrilaren 28an egingo dute Koldo Mitxelena kulturunean. "Zer ari da gertatzen Donostian? Botereak eta hirigintza politikak, agerian" izenburupean mahaingurua antolatu dute 19:00etan.