Medikuek pilula azkarregi eta errazegi errezetatzen dutela kritikatu ohi da hainbatetan, baina bestelako irakurketa egin digu Lehen Arretako mediku honek: “Emadazu zerbait esanez dator jendea kontsultara”, lanean segitu ahal izateko, zaintza ardurei aurre egiteko, antsietatea gainditzeko, lo egin ahal izateko… “Medikuak gara jendearen azken heldulekua, baina guk ezin dugu konpondu gizarte ereduarena den arazoa”.
Egungo bizimodu eta bizitza erritmoak garamatza sarri gure buruak medikalizatzera, esan digu Aitor Montes medikuak. Faringitis batekin etorri denak “zerbait potentea” eskatu dio eta Montesek erantzun egun batzuk lasai hartzen baditu bakarrik joango dela mina. “Baina bilobak zaindu behar ditut”, pazientearen arrapostua. Lesio batekin datorkionari berriz, errehabilitazioa egitea eta fisioterapeutara joatea dagokio, baina ez dago fisiorik, errehabilitazioak eta traumatologoak kolapsatuta daude, eta gainera pazientea langile autonomoa da, lan egiten segi behar du, botika du soluzio.
Ez alferrik, zenbat eta testuinguru prekarizatuagoa izan, orduan eta handiagoa da botika eta pilulen eskaera, “soldata miserableen truke lan baldintza izugarrietan ari den jendeak, galduta dagoenean, nora jo ez duenean, medikutara egiten duelako, gu gara azken heldulekua, ez baitute besterik, ez da haien errua”.
Deskantsua eta zaintza behar duenak, sarri, ez du horretarako aukerarik, eta bide azkarra da medikalizazioa.
Antsiolitiko eta antidepresiboak ere herritarrak eskatzen ditu sarri, eta emakumeak dira horiek kontsumitzen gehiengoa. “Jendeak kontatzen digu oso arduratuta dagoela, ezin duela lorik egin eta pastillak emateko”. Garbi dio Montesek: “Arazo soziala dena arazo mediku bilakatu dugu”.