argia.eus
INPRIMATU
Eskubide Sozialen Karta
Aberastasunaren banaketa exijitu dute milaka lagunek, eragile sozial anitzek deituta
  • Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, manifestazioak egin dituzte larunbatean Donostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen. 15.000 lagun baino gehiago bildu dira, eta aberastasunaren banaketa, bizitza duinak eta prezioen kontrola exijitu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Euskal Herriko langileen erdiak ez dira 1.400 euroko soldatetara iristen eta pentsiodunen herenak ere 1.000 euro baino gutxiago jasotzen ditu. Emakumeak dira kaltetuen, oro har, genero arrakala %27koa delako soldatetan, eta %37koa pentsioetan. 

Lide Iraola 2022ko azaroaren 21a
1.400 euroko gutxieneko soldatak eta 1.080eko gutxieneko pentsioak aldarrikatu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. /Argazkia: EH Bildu

“Pobretzeari stop! Bizitzaren garestitzearen aurrean, aberastasunaren banaketa” leloa aldarri hartuta 15.000 pertsona baino gehiago bildu dira larunbatean Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Bizitza duinak, prezioen kontrola eta zerga erreforma exijitu dituzte Eskubide Sozialen Kartak deituta mobilizazioekin bat egin duten eragileek. “Gehiengoa geroz eta pobreagoa den bitartean, gutxi batzuk inoizko irabazirik handienak izaten ari dira, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren politika klasistei esker gertatzen ari da”, salatu dute.

Euskal Herriko langileen erdia baino gehiago prekarietate egoeran bizi direla gogorarazi dute, enplegu duinik gabe eta 1.400 euro baino gutxiagoko soldatekin. Pentsiodunen egoera ere antzekoa da, %34aren diru sarreran ez baitira 1.000 eurotara iristen. Eskubide Sozialen Kartak duela bi aste jakinarazi zuenaren arabera, 2008an baino 103.000 herritar gehiago daude pobrezia egoeran 2021ean, alegia, %44 gehiago.

Txanponaren bestaldean, gogorarazi dute 2021ean Ibex 35eko enpresek %83 igo dituztela irabaziak 2019ren aldean, eta aurten empresa horiek mozkinen errekorrak gainditu dituztela. Gainera, krisi energetikoaren bizkar izan da, eta horren aurrean eragileek Hego Euskal Herriko erakundeei eskatu diete “energiaren oligopolioari mugak jartzeko”, eta prezioen kontrol publikoa ezartzeko.

Gasteizeko, Bilboko, Donostiako eta Iruñeko protesta oihuek bat egin dute. Bilboko manifestazioa LAB eta ELA sindikatuen irakurketa bateratuarekin amaitu dute, eta eskakizun zehatzak egin dituzte: gutxieneko 1.400 euroko soldata; gutxieneko pentsioak 1.260 eurokoak helburu izanik, 1.080koak izatea orain; soldatetan eta pentsioetako genero arrakalarekin amaitzea –soldatetean %24koa da eta pentsioetan %37koa–; arreta eta zaintza zerbitza soziosanitarioaren sare publiko unibertsala; eta EAEn Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Nafarroan Bermatutako Errentan erakundeak egiten ari diren murrizketak etetea.

Halaber, mobilizazioekin bat egin du Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak, eta hiriburuetako manifestazioez gain Eibarren eta Altsasun ere atera dira kalera, beste elkarte batzuekin egindako deialdi bateratuan. Bloke ekologista batu da "Pobretzeari STOP" lelopean, trantsizio energetikoa eta unibertsala exijitzera.

Azpian Iruñeko mobilizazioan Ahotsa-k eginiko bideoa.  

Larunbateko manifestazioarekin bat egin dute eragileak ondorengoak dira:

EHko Pentsionisten Mugimendua, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE, HIRU, CGT, CNT, Emakume Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Mujeres libres, Trabajadoras No domesticadas, Oneka, Zaintza Babesten, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Sos Arrazakeria Nafarroa, AZET etxebizitza sindikatua, Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea, Berri Otxoak, Uribarri Prest REAS Nafarroa, Plataforma Navarra por la Salud, Ernai, Gu ere Bagara Bilbo, Gazte Komunistak, Ikama, Ikasle Sindikatua, AHT Gelditu Nafarroa, Kakitzat, Gune Ekosozialista, Sukar Horia, Ekologistak Martxan, Butroi Bizirik Trantsizioan, Olatukoop, Bizilagunekin, Piztu Donostia, Orain Ardura, Erraustegiaren aurkako Mugimendua, Egia Bizirik, Egiako Etxebizitza Sindikatua, Hondarpe Groseko Auzo Elkartea, Osasun Publikoa Aurrera, EHkolektiboa.