argia.eus
INPRIMATU
Bizitzaren garestitzeak etenik ez: argindarra, gasa, udal zergak eta autobideak, garestiago
  • Hego Euskal Herrian, egun indarrean dagoen neurri mesedegarri batek soilik jarraituko du aplikatzen, gutxienez ekainera arte: oinarrizko elikagaiei BEZik ez ordaintzea.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko urtarrilaren 02a

Urte berriarekin batera, erakundeek berrikusi egin dituzte zergak eta neurriak. Puntuz puntu aztertuko ditugu Hego Euskal Herriko herritarren poltsikoetan izango duen eragina.

Argindarra eta gasa

Datorren astean, urtarrilaren 11n iraungiko da Espainiako Estatuak argindarraren eta gasaren BEZari ezarritako neurri mesedegarria. Argindarraren kasuan, %5etik %10era pasatuko da –2021eko ekainera arte %21ean egon da–. Gasaren BEZa, berriz, %10etik %21era igoko da era progresiboan, apirilera bitartean.

Udal zergak

Udal gobernu bakoitzak berrikusi ditu berari dagozkion zergak. Hiriburuen artean, zereginak egiteko falta dena Iruñea da. Zentsura mozioaren eraginez, datorren urterako udal zergak onartzeko plenoa bertan behera utzi zuen Cristina Ibarrolak, eta iradoki alkate berriari dagokiola erabaki horiek hartzea.

Gasteiz izango da zergak igoko ez dituen hiriburu bakarra; izan ere, udal gobernuak %3ko igoera proposatu bazuen ere, ez du nahikoa babes lortu neurria onartzeko. Hiriburuen artean, Donostiak igo ditu gehien zergak: ura, saneamendua, zaborrak eta TAO %5 garestitu dira, eta Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga eta Ibilgailuena %4. Bilbon, bestalde, tasa guztiak %3 garestitu dituzte.

Bizkaian, nabarmentzekoa da uraren prezioak izan duen igoera. Ur Partzuergoak erabakita, %9 garestitu da tarifa.

Autobide guztiak ere garestiago

Urtarrilaren 1ean hasi dira igoerak aplikatzen autobide guztietan. Bakoitzak bere tarifa igoera izan du; denak %5 eta %6,65 garestitu dira.

Esaterako, Gasteiz-Bilbo autobidearen bidesaria 25 zentimo garestitu da; 6,5 euro balio ditu orain.