Zenbat aldiz entzun diegu iraganean hainbat politikari eta patronalari indakeria gaitzesten, guztiaren aurrean bizitza defendatu behar dela argudiatuz? Bada orain, interes ekonomikoak lehenetsi dituzte bizitzaren gainetik eta industria-jarduera geldiaraztearen aurka agertu dira. Hori bakarrik ez, gainera datorkigun krisiaren kopla-buruak ere aurkitu dituzte: osasuna bermatzeko produkzioa gelditu nahi duten sindikatu, alderdi eta langileak, hain zuzen.
Zenbat aldiz, ETAren jarduera armatuaren garaietan, Espainiako Estatu osoko politikari zein enpresaburuei entzun izan diegu bere indarkeria gaitzesten, guztiaren aurrean bizitza defendatu behar dela argudiatuz. Besteak beste, Euskal Herrian, Urkullu, Ortuzar, Mediavilla eta Tapia bezalako pertsonei eta euskal patronaletako presidente eta kideei entzun dizkiegu halako hitzak. Bada, gaur, munduan eta baita Euskal Herrian ere milaka hildako uzten ari den pandemia honen astindu hilgarriarekin, badirudi ez zaiela axola hainbeste jenderen bizitza, eta hura galdu dezaketen beste askorena ere ez.
Izurrite honen hasieratik, aipatutako politikariak eta patronalak funtsezkoak ez diren euskal industria-jarduera geldiaraztearen aurka agertu dira, sindikatu eta alderdi abertzaleen, euskal prentsaren –horien artean hedabide hau– eta kasu batzuetan planto egin eta lantokiak geldiaraztera iritsi diren langileen iritziaren aurka.
Baina ikusten denez arestian aipaturiko pertsona horiek, interes ekonomikoak lehenetsi dituzte bizitza eta laneko osasunaren gainetik, eta horregatik agertu dira Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaren aurka –honek, dena den, azkenean hainbat nabardura egin ditu eta gutxieneko produkzioarekin segitu ahal izango dute euskal enpresek–.
Haserretu ez ezik, datorrenari aurrea hartu eta "hurrengo egunerako" kopla-buruak bilatu nahi dituzte, pandemia honek ekarriko dizkigun ondorio ekonomikoengatik. Haiek eskuak garbitzen dituzte jada, eta funtsezkoa ez den euskal industria-jarduera gelditzearen aldekoak izango dira gainera datorkigun krisi ekonomikoaren benetako erantzuleak.
Lotsa ematen du ikusteak gaur egun gobernuan dauden ordezkari politikoak patronalekin bat egiten kapitalaren interes ekonomikoak defendatzeko. Ez zaie bizitza axola. Gutxiengo baten zerbitzura dagoen negozioa interesatzen zaie. Herritarrek ez dute hori ahaztu behar. Bitartean, bizitzaren defendatzaile, bai, baina Zaldibarren bi langilek desagertuta jarraitzen dute.