Munduko “gobernu txarrei” erantzuteko ekintza proposatu du EZLNk, bizitzaren alde eta kapitalismoaren eta patriarkatuaren aurka borrokan egiten jarraitzeko deiarekin batera.
Martxoaren 6tik 10era bitarte luzatuko da EZLNk proposatutako bizitzaren aldeko ekintza globaleko astea. Aste horretan zehar norbanako zein kolektiboei ekintza kulturalak sare sozialetan elkarbanatzeko deia egin die, #ElEncierroNoMeCalla (Konfinamenduak ez nau isilduko) traola erabiliz.
“Min eta haserrez ikusi dugu nola heriotzak bizitzari gain hartu dion. Orain, mundu osoan, argi dago: gizatasuna da bizitzaren alde borroka egiteko dugun era bakarra, Covid-19ak eragindako pandemiaren aurka, sistema kapitalistak ezarritako heriotzaren aurka”, diote beren komunikatuan. Horrez gain, feminizidioaren aurkako eta naturaren defentsaren aldeko borrokan jarraitzeko deia egin dute.