Besteak beste, kritikatu dute COVID ziurtagiria “diskriminatzailea” dela eta “komunikabide nagusiek” pandemiaren datuak eta kontakizuna “manipulatu” dituztela. Antolatzaileen arabera, 4.000 pertsona elkartu dira larunbateko manifestazioan.
Larunbatean manifestazio jendetsua egin dute Bilbon, “ustezko COVIDaren aurkako neurri oldarkorrak” salatzeko. Bizitza plataformak deituta, “Stop gizateriaren aurkako krimenak” lelopean egin dute manifestazioa, “giza eskubideak aldarrikatzeko”. Besteak beste, salatu dute COVIDaren txertoak “ondorio larriak” eragiten dituela, eta maskararen erabileraren aurka agertu dira. COVID ziurtagiria “diskriminatzailea” dela kritikatu dute.
EITBko egoitzaren aurrean hasi dute elkarretaratzea, kexatzeko “komunikabide nagusiek” egungo egoeraren datuak eta kontakizuna “manipulatu” egiten dituztela. Antolatzaileen esanetan, 4.000 pertsona inguruk egin dute bat aldarrikapenekin. Larunbatean bertan aurkeztu dute "Bizitzaren doinuak" diskoa; pandemia hasi zenetik "komunikabideetan entzuten denarekiko ikuspuntu desberdina" sormenaren bidez jaso nahi izan dute bertan.