1944an, Stauffenberg-en agindupean, Hitler bonba batekin hiltzen saiatu ziren, soldadu eta herritar alemaniar batzuen artean prestatutako ekintza baten. Hurrengo hilabeteetan naziek 90 pertsona exekutatu zituzten ekintza haren ondorioz.
80 urte beranduago, Alemaniako Gobernuak omenaldia egin zion erregimen naziaren aurkako erresistentziari, Adolf Hitlerren aurkako atentatuaren urteurrenean. “Stauffenberg Wehrmachteko ofizialari lagundu zioten gizon-emakumeek beren bizia arriskuan jarri zuten Hitlerren erregimena eraisteko” esan zuen Olaf Scholz kantziler federalak. “Beren sakrifizioak demokrazia defendatzera behartzen gaitu beti”. “Hilketa saiakerak huts egin zuen, baina balio moral handia du berez”, erantsi zuen Lambrecht Defentsa ministroak. “Kontzientziak lehentasuna izan behar du obedientziaren aurrean”, amaitu zuen.
Hainbat herrialdetan Francoren aurka edo nazien aurkako erresistentzia armatuan hildako herrikideak gogoratzen dituzte, Brigada Internazionaletan borrokara batu eta hil ziren boluntarioak edota Gernika batailoan Parisen sartu zirenak, espioitza lanetan ibilitakoak etab. Hil ziren eguna baino, zergaitia oroitzen dute, motibazioa, nor izan ziren, beraien ametsak.
Euskal Herrian etorkizunari begira jarriko gaituen herri kontakizun bat adosteko trabak handiak dira: zauri asko zabalik daude, aitortza falta, rebiktimizazioa, indar polizialen inpunitatea etab. Gatazka armatuaren ondorioz hildako pertsona guztien oroimenaren inguruko perspektiba aldaketa bat komeniko litzateke agian; heriotzari baino, bizitzari lotuago. Biktima, hildakoa, bizirik egondako pertsona izan zela oroitu, jaiotegunean edo beste data esanguratsu batean.
Badakigu noiz erail zituzten, baina ba al dakigu nortzuk izan ziren eta zeintzuk izan ziren gizarteari egindako haien ekarpenak? Jaio ziren egunean gogoratzea positiboagoa izan daiteke guztien memoria gordetzeko. Haien bizitza ospatzeak, heriotzaren unean bakarrik zentratu beharrean, ikuspegi eraikitzailea ekar lezake, beraien existentziaren balioa eta bizitzan eman zutena nabarmenduz.
Familientzat ere, hildakoaren urtebetetze eguna gogoratzea mina prozesatzeko modu leunagoa izan daiteke. Une positiboez hitz egiteko aukera eman diezaieke, arreta pertsona bakoitzaren onuren oroimenean zentratuz.