Mugarik Gabe Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatu du kongresua. Enpresa transnazionalen jarduna, horien eskutik jazo ohi diren naturaren eta giza eskubideen urraketak, eta ondorioz areagotutako krisi klimatikoa izango dituzte hizpide.
Martxoaren 1etik 3ra gauzatuko da Bizitza Jokoan kongresua Bilboko EHUren paraninfoan. Mugarik Gabe GKE-ak antolatuta, hiru egunez hizketagai izango dituzte enpresa transnazionalak, etekinak lortzeko horiek gauzatzen dituzten naturaren eta giza eskubideen urraketak, eta horiek indartutako krisi klimatikoa.
"Krisi klimatikoaz eta ekintzara pasatu beharraz jadanik horrenbeste hitz egiten denean, oraindik gaur egun Lurra eta bertan bizi garen izaki ororen eskubideak defendatzeak bizitza propioa arriskuan jartzea dakar berekin. Alegia, bizitza jokoan bizitza bera defendatzeagatik (...) Larrialdi klimatikoaren aurrean aritzeko denbora amaitzen ari da eta pertsonen bizitzak, lurra eta eskubideak jokoan daude", irakur daiteke GKEak kongresua aurkezteko idatzitako lerroetan. Hortik "Bizitza Jokoan" izena, horretan guztiaz hitz egin asmoz antolatu baitute kongresua.
Egitaraua osatzerakoan, ikuspegi desberdinak bildu nahi izan dituzte, eta horregatik parte hartzaileen artean daude gizakien eta naturaren eskubideak defendatzen dituzten norbanako eta kolektiboak, politikariak, zientzialariak, ekintzaile sozialak eta kazetari zein komunikatzaileak. Gonbidatuen artean nazioarteko eragileak ere badira, eta Latinoamerikatik datoz horietako zenbait; horiei buruzko informazioa eta jardunaldien egitarau zehatza eskuragarri dago Mugarik Gaberen web-orrian. Kongresuan parte-hartzeko izen-ematea ere bertan egin daiteke, galdetegia hau beteaz.
Kongresua antolatzearekin batera, gai bera ardatz hartzen duen La vida en juego-Bizitza jokoan. Derechos Humanos y de la Naturaleza violentados (Icaria, 2022) ikerketa argitaratu dute, baita berorren laburpena den Bizitza jokoan. Giza eskubideak eta naturaren eskubideak urratuta aldizkaria ere. Egileen hitzetan, "lan horretan jasotzen dira enpresa transnazionalek eredu neoliberalaren barruan hartzen duten garrantziak sortzen dituen arazo larrietako batzuk, baita ahalik eta botere eta etekin handiena lortzeko giza eskubideak eta naturarenak urratzeko agertzen duten prestutasuna ere". Lanak adibidetzat jartzen ditu Paraguai, Honduras, Kolonbia eta Guatemalako kasu bana.