Azaroaren 18an ekonomia solidario eta eraldatzaileak zita garrantzitsua du Errenterian: V. azoka antolatu dute REAS, Olatukoop eta Saretuzek, lehen aldiz hiriburuetatik kanpo.
Urtero antolatu ohi den “merkatu sozialari” beste bultzada bat eman diote aurten, ekonomia sozial eraldatzailean ari diren eragile gehiagoren parte hartzearekin. Hala, aurrekoetan ez bezala aurten hiriburuetatik kanpora eraman dute azoka solidarioa eta Errenteriako Merkatuzarrean izango da azaroaren 18an egun osoz, Ekonomia bizitzaren zerbitzura lemapean. Ia 60 eragileren standak (ARGIA ere bertan izango da), tailerrak, mintegiak, kontzertua, photocall solidarioa eta txikientzako gunea ere izango dira.
REAS, OlatuKoop eta Saretuz ari dira antolaketa lanetan, besteak beste Errenteriako Udalaren laguntzarekin, eta astearte goizean egindako aurkezpenean alternatibak “herrietara” hurbiltzeko beharra nabarmendu dute. Errenteriak “beste eredu baten aldeko apustua” egin duela gogorarazi du Eñaut Gracia udal ordezkariak, eta azoka bertara eramatea horren “aitortza inplizitua” dela.
REAS-Euskadiko presidente Marian Díezen hitzetan bosgarren edizioa “funtsezkoa” izango da, herritarrei erakusteko “hazten ari den egiazko alternatiba” dela ekonomia solidarioa. Azokak, bestalde, konpromiso sozialaz kontsumitzeko aukera emango duela esan du Díezek.
Ia 60 eragileren standak, tailerrak, mintegiak, kontzertua, photocall solidarioa eta txikientzako gunea izango dira, besteak beste, Errenteriako merkatu sozialean
OlatuKoop: “Interkooperazioa landuko dugu festa giroan”
OlatuKoopek lehen aldiz hartuko du parte Merkatu Sozialean. Sareko kide den Nagore Vegak azaldu duenez “beharrezkotzat” dute ekonomia sozial eraldatzailearen topagune bat izatea Euskal Herrian: “Ekonomia bizitzaren zerbitzura jarri nahi dugu, eta gainera, eredu hau sustatu nahi dugunon artean interkooperazioa landuko dugu festa giroan”, esan du Vegak.
Bide horretan, larunbatean goizeko 10:00etatik hasita hainbat tailer antolatu dituzte, egitura mutualisten inguruan, finantza etikoez, genero perspektibaz edo banatzailerik gabeko agroekologiaz, besteak beste. Tailerren programa osoa hemen (pdf).
Mintegia bezperan
Motorrak berotzen hasteko, bezperan ekonomia eraldatzaileaz eta tokiko politika publikoez mintegia (pdf) egingo dute Xenpelar Etxean, eta besteak beste Bartzelonako eta Errenteriako etxebizitzaren arloko udal programak aztertuko dituzte. Izena ematea beharrezkoa da.