argia.eus
INPRIMATU
Bizitza erdian jarriaz ikastolak ireki, hezkuntza eskubidea aldarri

Aitor Unanue Albizuri 2020ko ekainaren 11

Bizitza erdian jarriaz ikastolak ireki, hezkuntza eskubidea aldarri.Nekez ulertuko genuke egoera honetan ospitaleak itxi eta erizainak etxean gelditzea, edo helduenen egoitzak itxi eta zaintza lanetan ari direnak ere berdin egitea. Nekez ulertzen ditugu gaur eremu horietan hamarkadetan eman diren murrizketak, edo zaindariek etengabeko grebak egin behar izana. Bizitza bere amaierara iristen denean, edo galtzeko arriskuan ikustean ulergaitza egiten zaigu berau ez zaintzea.

Baina bizitza eta berau posible egiten duen ingurua, sortzen denetik amaitzen den arte, fase batean edo bestean berdin zaindu behar litzateke, amaierara itxaron gabe.

Bizitzaren zaintza da oinarrian hezkuntza. Gizartearen aurrean hezkuntza eragileek, erizainek bezala, berebiziko ardura dute une hauetan.

"Ulergaitza egiten da, erizainei txalo egiten diegun bitartean, gure ikastolak itxirik edukitzea, hezkuntza (zaintza) sistema osoa tele-hezkuntzara mugatua izatea edo beste hainbat lehentasun dituen gobernu bati begira egotea"

Zeren eta gurasoak lanean diren bitartean, ikasleak, haurrak edo nerabeak, benetako hezkuntzarik eta zaintzarik gabe utzi ditugu. Tele-hezkuntzak dituen arriskuen aurrean, pantaila atzean bakartuak, ordubeterako ateratzen utziaz, edo tabernetan soilik esertzera eta elkartzera mugatuak.

Zentzu honetan ulergaitza egiten da, erizainei txalo egiten diegun bitartean, gure ikastolak itxirik edukitzea, hezkuntza (zaintza) sistema osoa tele-hezkuntzara mugatua izatea edo beste hainbat lehentasun dituen gobernu bati begira egotea.

Non gelditzen da ikastolen funtzio komunitario eta soziala?

Futbol liga abian jartzera doazenean, tabernetako terrazak gainezka direnean... ez gara konturatzen hezkuntza baliabideak geldi izatean, bizitzak ez duela etorkizunik?

Ikusi nahi ez duenak ez beza ikusi, baina herriaren eta gizartearen aurrean hezkuntza eragile orok duen ardura historikoa beregain hartu behar luke, hezkuntza sistema lehenbailehen, urgentziaz, berraktibatu beharko litzateke, etorkizuna, bizitza bera bai dago jokoan.

Frantzian, Alemanian, Danimarkan, Austrian eta beste hainbat estatuetan bezala.

Bizitza erdian, hezkuntza komunitate oro berraktibatuaz, ikasle guztiek hezkuntzarako duten eskubidea gauzatu dadila eskatuko nuke, beharrezko diren segurtasun baliabideekin.

Azken finean ikastolak itxiaz ez ote garen ari bizitza bera arriskuan jartzen.