2018ko maiatzean borroka sozialen astea egin zuen Donostian Bizitza Da Handiena dinamikak eta 2002tik itxita zegoen Gizarte Segurantzako Diru Zaintzaren eraikina okupatu zuen astebetez. Okupazio kolektibo horren arduradun gisa kide bakarra identifikatu zuen Ertzaintzak eta maiatzaren 14an egitekoa zen epaiketa. Ordea, kidea identifikatu eta atestatua idatzi zuten ertzainak ez dira epaiketara joan eta astebete atzeratu da.
Bizitza Da Handiena ekimenak, 63 herri mugimendu eta sindikaturen arteko elkarlanean, borroka sozialen astea egin zuen Donostian iazko maiatzean. Idiakez kaleko 6 zenbakiko eraikin publikoa okupatu zuten, eta okupatu zuen momentuan adierazi zuten bezala, astebetera okupazioa bukatutzat eman zuten. Astearte goizerako zegoen deituta epaiketa, eta dinamikatik bertatik kalean elkartasuna adieraztera eta epaiketa salatzera deitua zuten.
Okupazioak zirauen bitartean, goiz batez ertzainak joan ziren egoitzara eta pertsona bat identifikatu zuten arduradun gisa. Baina pertsona hau identifikatu eta atestatua egin zuten ertzainak ez dira orain epaiketan deklaratzera agertu, ez direlako deituak izan. Hau dela eta, María José Rúa Portu epaileak epaiketa astebete atzeratu du.
Gizarte Segurantzako Diru Zaintzaren Probintziako zuzendariak jarri zuen okupazioaren aurkako salaketa. Aldiz, epaiketan deklaratzera idazkaria etorri da. Aitortu du eraikina desokupatua zegoela eta ez zuela erabilerarik. Egoera hori justifikatzeko eman duen argudioa izan da subasta prozesuan zegoela, eta saltzea zaildu egiten zutela bertako administrazioekin solairu batzuek zuten lagapen baimenek.
Epaitua izaten ari den Bizitza Da Handiena ekimeneko kidearen abokatuak adierazi du okupazio hura kolektiboa izan zela, astebeteko ekimenen barruan, eta goiz batez bertan zen kide bakarrari okupazioa egotzita indibidualizatu egin nahi dutela ardura kolektiboa. "Okupazio tenporala" izan zela azpimarratu du, eta epaiketa hau "zentzugabea" dela. Abokatuak salatzaile gisa deklaratu duen Gizarte Segurantzako Diru Zaintzaren Probintziako idazkariari galdetu dio zergatik ez zuten kasu hauetarako dagoen prozedura administratiboa abiatu, eta zergatik jo zuten bide penaletik.
Epaiketa euskaraz egiteko eskaera egin dute epaitutakoek, eta itzultzailearekin aritu dira.