argia.eus
INPRIMATU
Bizitza Da Handiena asteko bi epaiketetako bat bertan behera utzi dute behin-behinean
  • Bi epaiketa izango zirela jakinarazi zuten Bizitza Da Handienako eragileek asteazkenean. Ostegunean epaitegietako mugimenduak jakinarazi dituzte: irailaren 25erako deituta zegoena bertan behera utzi dute oraingo. 15 urtez hutsik egon zen eraikin publikoaren okupazioa egotzita bi pertsonaren aurka egitekoak ziren epaiketa hori, eta gainera, mugimendu sozialen abokatu lanetan ari zen Haizea Nuñez auzipetu zuten bertan. Astelehen goizean Egiako epaitegi aurrean deitu duten kontzentrazioa mantentzen dute.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 13a
Elkartasun argazkia atera dute mugimendu sozialek deituta.

Bizitza Da Handienatik horrela azaldu dute gertatua: "Astelehenean defentsa abokatua eta momentuz auzian inputatua dagoen Haize Nuñezek jarduketak baliogabetzeko eskaera egin zion epaileari, baita modu subsidiarioan artxibatzeko ere. Gaur Epaitegiak jakinarazi du defentsak egindako eskaerari ebazpen judiziala eman arte ez dela epaiketarik egingo. Honenbestez, abokatuaren kontrako inputazioa bertan behera gera daiteke hurrengo asteetan".

Astelehenean beste epaiketa

Bata atzeratu denez gero, bestean indarrak jarriko dituztela jakinarazi dute. "Astelehen honetan, goizeko 9:30ean, Donostian, Egiako epaitegi aurrean jarriko dugu hitzordua, Turismoaren Mundu Erakundea Donostiara ekarri zutenean, aurrean protesta baketsu eta legitimoa egiteagatik atxilotu zituzten bi lagunei babesa adierazteko", diote.

Asteazken arratsaldean Tabakaleran elkartasun argazkia atera dute mugimenduok deituta. Bertan bi atxilotuok jakinarazi dute beren aurka "erabat faltsuak diren akusazioak" egin dizkiela ertzaintzak, tartean, lesioak eragitea agenteei.

Bi lagunak atxilotu zituzten polizia bultzaka hasi eta lurrera bota zituztenean. "Lotsa gutxi izan behar da ezer egin ez zuten bi laguni halako akusazioak dohainik egitea. Protesta sozial erabat zilegietan parte hartzeagatik epaitu nahi dituzten lagunei mezua: zuekin gaude", diote. Kontrara, "Euskal Erregimenari" deiotzen diotenari mezua bidali diote: "Egungo egoerarekin ez gaude inolaz ere ados. Gutako inor erasotzen baduzue, denok erasoko gaituzue. Herritarrok elkar defendatzen dugu".