Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen mende erdiko historia laburbiltzen duen liburua aurkeztuko dute larunbatean Azpeitian, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea. 50 urte eta gehiago izenburupean, Laxaro Azkunek eta Haritz Garmendiak egina. 2022an egin zituen elkarteak urrezko ezteiak, eta hortik abiatuta osatu dute argitalpena, “belaunaldi arteko transmisioa zaintzea eta sendotzea” helburu.
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak (EHTE) 2022an ospatu zituen 50 urte eta data hori akuilu ezin hobea izan zen bere historia liburu batean jasotzeko. Hortik abiatuta hasi ziren lanean Laxaro Azkune eta Haritz Garmendia egileak, eta larunbat honetan aurkeztuko dute bi urteko lanaren emaitza den Euskal Herriko Trikitixa Elkartea. 50 urte eta gehiago argitalpena, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 12:00etan.
50. urteurrena baliatu dute entzute ariketa bat egiteko eta “orain arte egindako bidearen inguruan hausnartzeko”
Aurkezpenean Azpeitiko Udaleko ordezkariak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakari Itsaso Elizagoien izango dira, egileez gain, eta aurretik elkartearen egoitza dagoen Basazabal Jauregira bisita egingo dute.
Elizagoienek liburuaren sarreran dioenez, helburua “belaunaldi arteko transmisioa zaintzea eta sendotzea” da, eta efemeride hori baino lehen jada elkartean sumatzen zuten horrelako zerbaiten beharra. Hortaz, 50. urteurrena baliatu dute entzute ariketa bat egiteko eta “orain arte egindako bidearen inguruan hausnartzeko”.
Hutsune bat betetzera
EHTE 1970eko hamarkadako euskal kulturaren susperraldian eragile garrantzitsua izan zela dio Garmendiak sarrera berean. Liburuak “nazio zapaldu” bateko kultur espresio herrikoi baten autoeraketa prozesua kontatzen du, bere esanetan, eta zentzu horretan “ez da kapritxo bat”, baizik eta etorkizuna bermatzeko beharrezko tresnen jabe egiteko saiakera bat.
Liburua “ez da kapritxo bat”, baizik eta etorkizuna bermatzeko beharrezko tresnen jabe egiteko saiakera bat
Liburua egiteko enkargua “pozik” hartu zuen Azkunek, ume-umetatik jarraitu izan baitu trikitixaren mundua, “etxetik bertatik hasita”. Ez zaio erraza izan informazioa aurkitu eta ordenatzea, ezta zeuden hutsuneak betetzea ere, elkarteak 50 urteotan antolatutako hainbat eta hainbat ekintza ez direlako behar bezala dokumentatu. Horretarako, garaiko prentsara eta lekuko zuzenengana jo du aurkezle beteranoak, eta gaia jorratu izan duten ikerlariak ere izan ditu bidelagun.
Lan horren fruitua da larunbat honetan Sanagustinen ezagutaraziko dutena.
1972ko omenaldi batetik
Elkartearen sorrera datatzat 1972ko apirilaren 9a jotzen da. Egun hartan Usurbilen omenaldia egin zieten Faustino Azpiazu Salegi Sakabi soinu-jotzaileari eta Joxe Mari Urbieta Egañazpi pandero-joleari.
Ekitaldi hura “mugarria” izan zen, hortik aurrera urtero Trikitilari Egunak antolatu eta omenaldien inguruan batzordeak elkartzeko. “Egun gogoangarria benetan. Ez dadila, arren, aurtengoarekin bakarrik itzali. Urtero antolatzeko alkartasuna eta indarra izan ditzagula”, eskatzen zuen Zeruko ARGIAko kronistak.
Elkartea pixkanaka joan zen erakundetzen eta 1991n elkarte ofizial gisa erregistratu zen. Baina hasiera haiek ez ziren batere errazak izan, besteak beste, barne gorabehera asko izan zituztelako. Gainera, elkartea sortu zenean Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza ukatu zien –kulturarako aurrekontuak Guggenheim bezalako proiektuek irentsi zituzten–.
1993tik aurrera egoera zailari buelta ematea lortu zuten eta hamarkada bat geroago ondorio nabarmen batera iritsi ziren: elkartea trikitixa munduan erreferentzia garrantzitsua bihurtu zela.
Militantzia oinarri bai, baina lehen liberatuak hasi ziren lanean egunerokotasuna aurrera ateratzeko; lokal hobeagoak lortu zituzten, dokumentazio zentroa ireki, trikitixari buruz hausnartzeko jardunaldiak egiten hasi ziren, webgunea martxan jarri, udalekuak antolatu… Horren guztiaren berri dakar 50 urte eta gehiago lanak, argazki ederrez eta datu ugariz osatuta.
Emakumeak bide urratzaile
Bere ibilbidean parekidetasunerantz emandako jauzia ere nabarmendu du elkarteak. XIX. mendeko testigantzek azaltzen dutenez, hasierako “trikitia” emakumezko pandero-joleek osatzen zuten, perkusioa eta ahots-kordak erabilita –dirudienez, akordeoi diatonikoa geroxeago integratu zitzaion trikitixari–. Ezagunak ditugu Maurizia Aldeiturriaga, Primi Erostarbe eta beste pandero-jole asko.
Baina katea eteteko zorian zegoen 1972an trikitixa elkartea sortu zenean. Liburuaren kontrazalak dakarren Sakabi eta Egañazpi-ren Usurbilgo omenaldiko argazkia ikustea besterik ez dago, egileak jabetu diren moduan bi emakume baino ez baitira ageri: Primi Erostarbe oñatiarra eta Mailu Sudupe Egurrola azkoitiarra.
Gaur egun oso bestelako garaia bizi du trikitixak eta ikasleen %80 emakumeak dira. EHTEn ere irauli da genero desoreka, adibidez, lehendakari karguan emakumeak gehiago izan dira.
Parekidetasunaz gain, lurraldetasuna, euskara, sorkuntza eta beste hainbat balio lehenetsi ditu trikitixa elkarteak bost hamarkada hauetan, “merkatuaren logikatik kanpo”, Elizagoienek azaldu duenez. Hori guztia, trikitiaren mesedetan lanean aritu diren “ehunka” pertsonari esker. Azpeitian urriaren 12an badute hortaz zer aldarrikatu eta nola ospatu.