argia.eus
INPRIMATU
Biziraupenaren gizarte aroa

Jexux LarraƱaga Arriola 2020ko urriaren 14a

Zalantzarik gabe, bizi dugun biziraupenaren aroak (normaltasun berria) estalki ugari eraitsi ditu. Kolapso sozial, ekonomiko eta sanitarioaz harago, lehendik garatzen ari ginen munduko krisi kapitalistaren eztanda saihestezina ageri-agerian jarri zaigu. Bizi dugun aroak, mundu eraketa kapitalistaren berezko izaera basati eta suntsitzailea bizkortu eta sakontzea baino ez du eragin, gizateriak azken hamarraldietan zeramakien bidearen agortze sistemikoa berretsiz. Pairatzen ari garen gizarte, ekonomia, eta osasun hondamendiak, ziurgabetasunaren aroa areagotu du, sufrimendua eta ondoeza eraginez, baina, aldi berean, guztiz agorturiko sistematik askatzeko dugun beharrizana inoizko premiazkoena dela jabetu erazi digu.

70eko hamarkadatik aurrera, sistema kapitalista, bere metaketa moduak sakondu zituenetik, neoliberalismorantz mutatu eta eraldatuz joan zen. Tontor neoliberala 90eko hamarkadan eman zen, eta, ondoren, bere aurrerapen bortitzenaren arrasto beltzenak iragarriz, planetaren muga biofisikoak leherrarazi zituen orain bizi dugun kolapso egoerara iritsi arte. Hainbat ikerlarien txostenetan agertu bezala, hamarraldiak generamatzan planetaren muga biofisikoen gainetik. Hara nola, pandemiak, gizartea antolatzeko modu baten hondamendia eta porrota agerira ekarri duen, aberastasun banaketaren ekitaterik ezak zekartzan gabeziak eta ondorioak salatuz; estalkia altxa denean, gainezka ekologikora ekarri gaituen hazkunde mugagabearen garapen eredua kolokan jarri eta gainbehera bidean ikusi dugu. Kapitalismo neoliberala, hedabide korporatiboen doktrinamenduaren laguntzaz, norbanakoen subjektibotasuna gutxika eta etengabe bahitzen [kolonizatzen] diharduen sistema dela frogatu dugu, funtsezko zeregina betetzen duela errealitatea eratzen zein subjektibotasunetan eragiten.

Sistema neoliberalaren helburua ekonomia dela entzun dugu askotan, baina jomugan, norbanakoen eta kulturaren arimaren bahiketa dago, eraikuntza biopolitikoaren oinarria da. Byung-Chul Han filosofoak esan berri duen bezala, pandemiarekin, zaintza biopolitikoaren

"Iragana berreskuratuz dena berdin jarrai dezan ahalegintzen ari direnen, eta bestetik, bizi-baldintzak benetan errotik aldatu nahi dituztenen arteko disputan erdietsi beharko da geroa"

erregimen baterantz goaz. Gure komunikazioak ez ezik, gure gorputza eta gure osasun-egoera ere zaintza digitaleko objektu bihurtzen dira. Azaltzen duenez, biopolitika digitala sendotu egingo da mundu osoan, eta, bere kontrolarekin eta zaintza-sistemarekin, gure gorputzaz jabetzen joango da. Haren ustez, diziplinazko gizarte biopolitiko bat sortuko da, eta gizarte horretan etengabe zelatatuko gaituzte, osasun-egoera barne. Hanentzat, birusa ispilu bat da, zein gizartetan bizi garen erakusten duena: “Biziraupenezko gizartean bizi gara, azken batean heriotzaren beldurrean oinarritzen dena. Orain bizirik irautea gauza absolutu bihurtuko da, etengabeko gerra-egoeran bageunde bezala. Bizi-indar guztiak bizitza luzatzeko erabiliko dira. Biziraupenaren gizartean bizitza onaren zentzu oro galdu artean”.

Biziraupenaren gizartean, merkatu legea, balio nagusi eta bakar gisa inposatzen zaie subjektuei. Kultura, norbanakoaren eta taldearen euskarri izateari uzteko arriskupean dago (biziraupen baldintzak hain dira eskasak), mehatxu hori, inoiz baino gardenago dakusagu; iragana ezabatu nahiko zukeen aroaren bultzadaz, etorkizuna, inoizko zalantzazkoena ageri zaigu. Oraina, zoriontasun pribatuaren ilusioan saldu egiten da, globalizazio kapitalistaren mutazio gaitasunak, zoriona zein sufrimendua, errentagarri bihur lezake.

Biziraupenaren gizarteak, desberdintasun sozial izugarriak sakontzen ditu. Sozialki ahuldutako sektoreetan, bizi-baldintza txarrenak eta bizirauteko zailtasun handienak ager arazi ditu, egiturazko ekitaterik ezaren agerbide dira guztiak. Haatik, bizi-ohiturak, lan-praktikak, bizi baldintzak alda daitezen, etortzeko dagoen munduaren kulturan eragin eraldatzailea izateko moduko lehentasunak birplanteatu eta borrokatzeko garaian sarturik gaude. Mundu hobe baten aukera, giza prozesu eraldatzailerik gabe, emantzipazio borrokarik gabe ez baita etorriko. Aitzitik, etortzear dagoen mundua, otzantasunetik ez, baizik hainbat gizarte-sektoreen arteko liskarren mende egon beharko da. Batetik, iragana berreskuratuz dena berdin jarrai dezan ahalegintzen ari direnen, eta bestetik, bizi-baldintzak benetan errotik aldatu nahi dituztenen arteko disputan erdietsi beharko da geroa. Ekitatean zein ondasunen banaketa orekatuan oinarritutako gizarte baterantz, edota eliteen mesedetan ekologia suntsiketarantz ginderamatzaten artean. Biziraupenaren aroari aurre egingo bazaio, burujabetza eta auto eraketa prozesuen disputa politikoan jokatzen da oraina.

Larrialdi egoera iraunkorrak, jendartea eraikitzeko marko kognitibo berrien beharra dugula erakusten digu. Bukatu egin dela kontsumo mugagabean oinarritutako hazkuntza eredua eta bizi dugun aroari, deshazkundearen ikuspegitik erantzun behar zaiola. Norabidearen aldaketa da benetako erronka zeren kapitalismo are eta basatiagori bultzaka ezingo da eragin eraldatzailerik berpiztu. Biziraupen gizarteari aurre egiteko komunitate deszentralizatua, birtokiratua eta auto-asetua behar beharrezkoa zaigu. Jendartearen marko kognitiboak aldatu ezean, bada, ezingo da eraldaketa trinkorik sortu. Hona ekarri gaituen mundu ulerkera bat eraitsi beharrean geundeke honezkero, lehengoratzeak ez baitigu balio. Bizi dugun hondamendiak, subjektu sozial berria eraikitzeko abagunean jartzen gaitu, bestelako gizarte balioetan birsortu beharko den jendarterako biderantz, hots: norberatasunak eraldatuz eraikitzen joan beharko den komunitategintza berria.