argia.eus
INPRIMATU
Biziola, Goierri bizigarriago bat egiteko fabrika martxan da
  • Pasa den martxoaren 12an aurkeztu zuten Goierriko kooperatiba eraldatzailea eta, orain, herriz herri aurkezpenak egingo dituzte, proiektua aurrera ateratzeko beharrezkoak dituzten 500 bazkide lortu asmoz. Eskualde “burujabeago, iraunkorrago eta orekatuagoa” bermatuko duen beste eredu ekonomiko bat bultzatu nahi du Biziolak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko martxoaren 24a
Lazkaon jendetza bildu zen Biziolaren aurkezpenean, maiatzaren 14an izango da kooperatibaren batzar eratzailea (argazkia: Biziola)

Lazkaoko Arruabarrena  gozogintza enpresaren eraikin zaharrean, tren fabrika handitik ez oso urrun, fabrika txikiago bat sortu asmo du goierritar talde batek, ekonomia eraldatzailearen balioak bultzatu eta Goierri “bizigarriago” bat egiteko bidean: pasaden martxoaren 12an aurkeztu zuten Biziola fabrikaren proiektua dozenaka lagunen aurrean.

Badira bi urte Goierrin ekonomia sozial eraldatzailearen inguruko halako ekimen baten inguruan hausnartzen hasi zela herritar talde bat, eta joan den urtean Beasaingo Igartza jauregian eman zuten lehen urratsa. Hortik ateratako galdera eta beharretatik abiatuta ekin diote Lazkaoko proiektuari. “Herritarrei entzun eta herritarrak inplikatuz” sorturiko proiektua da, azaldu zuen Mikel Alvarez Biziolako kideak aurkezpenean, eta “autoeraketan oinarritutako antolakuntza lantzea” da bere egitekoetako bat.

Elikadura logistika gunea, eta gehiago

Besteak beste, agroekologiaren inguruan “hazi eta hezteko” espazio bat izango da bertan, baita bertako jakiak banatzeko plataforma gune bat ere. Biziolak sustaturiko Bizigaia elikadura kooperatibak, adibidez, hortik egingo du lan: denda fisiko bat izango du Lazkaon, baina herriz herriko banaketa sistema bat antolatuko dute:  “Guzti hau egi nahi dugu helburu batekin, eskaera bat sortzea, jende gehiago animatu dadin ekoizpenera”, azaldu zuten aurkezpenean.

Mikel Alvarez eta Naroa Elorza Biziolako kideak proiektuaren aurkezpeneko gida lanak egiten, martxoaren 12an Lazkaon (argazkia: Biziola)

Eraikin zaharrean ekonomia sozialeko proiektuentzako bulegoak eta hitzaldiak nahiz bestelako ekitaldiak antolatzeko aretoa ere atonduko dituzte. Gainera, gozogintza obradore bat martxan jartzeko asmoa dute: “Eskualdeko azoketan saltzeko asmoa dugu eta tailerrak eskainiko dizkiegu heldu zein haurrei”, zioten Astigoxo proiektuko kideek.

Biziolak, azken batean, logistika gune edo espazio huts bat baino gehiago izan nahi du; horrela azaldu dio Andoni Mikelarena kooperatibako kideak Euskadi Irratiari: “Ikusten dugu gaur egungo eredu ekonomikoak zelako mugak dituen eta trantsizio bat egin beharra daukagula eredu bizigarriago baterantz. Iruditzen zaigu trantsizio horretan herritarrak izan behar dugula protagonista eta horregatik herritarrak, eragileak, ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuak batuko dituen sare edo kooperatiba zabal bat sortu dugu”

Arruabarrena gozogintza lantoki zaharrean kokatuko da Biziola kooperatiba proiektuaren fabrika (argazkia: Biziola)

Maiatzaren 14an batzar eratzailea

Baina hori guztia nola egingo dute? Biziolak gizarte ekimeneko kooperatiba “integral” bat sortuko du, irabazi asmorik gabekoa. Hala, Biziolako Naroa Elorzaren hitzetan horrek esan nahi du, “irabazi indibiduala baino, onura kolektiboa bilatu beharko duela”.

Hiru bazkide mota izango ditu kooperatibak: erabiltzaileak, laguntzaileak, eta lan bazkideak –proiektuaren eguneroko jarraipenaz arduratuko direnak–. Helburua maiatzaren 14rako 500 bazkide egitea da, ekarpenak bildu, kooperatiba abian jarri eta obrak egiteko beharrezko dituzten 100.000 euroak lortzeko.

"Asmoa da Biziola autonomoa izatea, diru-laguntzen menpe ez egotea, herritarren muskulua behar dugu”  

“Herritarrek egingo dutena da 50 euroko ekarpen bat gero kuota bilakatuko dena, eta horrek aukera emango luke Biziolatik sortzen diren zerbitzu guztietan parte hartzeko –adierazi zuen aurkezpenean Alvarezek, Goierri Telebistaren galderei erantzunez–. Asmoa da Biziola autonomoa izatea, diru-laguntzen menpe ez egotea, herritarren muskulua behar dugu”.  

Herriz herriko aurkezpenak

Alvarezek aipatutako “muskulua” lortzeko, herriz herri proiektua aurkeztuko dute orain Goierrin, bazkideak egin asmoz. Hala, asteburu honetan, ostiralean Gabirian izango dira Kultur Etxean, 18:00etan;  Itsason Ganbara aretoan 18:30ean; eta Zaldibian datorren asteartean jarri dute zita Herri Aretoan 19:00etan.