argia.eus
INPRIMATU
Bizileku-baimena lortzeko baldintza ezinezkoak eskatzen dizkietela salatu dute migratzaile gazteek
  • “Ekarpenak egin nahi ditugu, utziko diguzue?” lelopean, agerraldia egin du hainbat migratzaile gaztek Donostian. 18 urte betetzen dituztenean, babes-sistematik at geratzen dira eta bizileku-baimena lortzeko kontu-korrontean hilero gutxienez 500 euro baino gehiago izatea eskatzen die legeak; bizileku-baimena berritzeko berriz, 2.000 euro baino gehiago izatea. “Gure inklusioan lagundu nahi diguzue ala zailtasun bat izan nahi duzue gure bide zailean?”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko martxoaren 10

Espainiako Barne ministerioak hartu dituen neurri berriek abandonura eta irregulartasunera kondenatzen dituztela kritikatu dute gazteek. Izan ere, zeinek bermatu dezake diru hori hilero, adin eta egoera horretan? “18 urterekin eta lan egiteko baimenik gabe diru hori aurreztuta eduki ahal izango bagenu bezala. Eduki ezean, urtebeteko lan-kontratua eskatzen digute, gutxieneko soldatarekin (950 euro). Egoera hori ezinezkoa da gazte batentzat”.

“Egoitza-baimena ez edukitzeagatik, ezin ditugu erdi eta goi mailako heziketa zikloak egin”, eta ondorioz, gazte hauen eta horiek laguntzen diharduten hezitzaile, irakasle, gizarte erakunde eta beste askoren lana “pikutara doa”.

“Gizarte honen parte izan nahi dut. Ez moztu hegoak!”

Eskaera zehatzak egin dizkiote Atzerritarren Bulegoari: batetik, lan-kontratu errealistak eskatzeko, eta bestetik, trebatzeko behar duten denbora nahikoa uzteko, kontuan hartuta 18 urterekin oraindik lan mundurako prestakuntza-prozesuetan daudela. “Ez dut laguntzetatik bizi nahi. Lan egin nahi dut, ekarpenak egin eta gizarte honen parte izan. Ez moztu hegoak!”, aldarrikatu dute.

Ostiralean, manifestazioa

Egoera salatzeko, manifestazioa deitu dute martxoaren 13an, Donostiako Boulevardean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.