Jatorri eta egitura anitzeko ehunka familia batu ditu elkarrekin bazkaltzeko Bizilagunak ekimenak. SOS Arrazakeria eta CEAR elkarteek antolatuta, estereotipoak haustea du helburu.
Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako hainbat etxetan jarri dute martxan iniziatiba, Alboko familia izenburupean. Hilaren 17an egin dute, igandearekin. Osotara 1.000 pertsona inguruk parte hartu du.
Programaren funtzionamendua erraza da. Euskal Herriko eta atzerritiko pertsonek aldez aurretik izena eman, eta ondoren elkarrekin bazkaltzen dute, familia batek bestearen etxean. Bi aukera ematen dituzte: batetik, norberak bere etxean otordua prestatu dezake eta beste familia bat gonbidatu, bestetik, familia batek zuzenean eskatu dezake beste etxe batera gonbidatzeko.
Elkarteek jarritako bitartekari bat ere egoten da, bildutakoen arteko aurkezpen lanak egin eta topaketa girotzeko.
Mugak arrazakeriaren kontrako zentroko Silvana Lucianik esperientziaren berri eman du Hala Bedi irratian. Arrazakeriaren aurka lan egiteko tresna gisa ikusten du programa. Izan ere, bertakoei eta kanpokoei ahalbidetzen die beste errealitate batzuengana hurbiltzea. “Aurreiritziak eta beldurrak kentzeko balio du”.
Anitzak, hitzaren zentzu zabalean
Familiek parte hartzen dute ekimenean. Baina, zer da familia? Mugak-eko Lucianik oso argi dauka: familia bere burua familiatzat hartzen duena da.
Ondorioz, programak ez dio familia nuklearraren egiturari men egiten. “Era askotako familiak daude: pisukideek osatutakoak, lesbiana bikoteek osatutakoak, guraso balarrekoak...”, hala, aniztasuna jatorrian bakarrik ez, eredua bera da anitza.
Urtean behin
Txekian sortu zen ideia, orain dela zazpi urte, eta aurreko urtean heldu zen Euskal Herrira. Aurten bigarrenez egin dute. Urtean behin prestatzen dute elkarteek bazkaria egiteko data, baina diotenez, elkar ezagututa ostean, behin baino gehiagotan bazkaltzen dute elkarrekin bildutakoek. Emaitza “oso baikorra” da, Mugak-ekoen iritziz.
Izena Mugak-en webgunean eman daiteke: familia gisa edo bitartekari bezala joateko.
Bizilagunak ekimenako aurtengo bideoa: