“Igande eguzkitsu batean Kontxako pasealekuko banku batean eseri, jendea behatu eta bakoitza nongoa den asmatzen saiatzea dibertigarria da”. Hala hasten da Gara-n astelehenean Donostiako turismoaren inguruan idatzitako kronika. Eta argi esan behar da, Donostiako Alde Zaharrean bizi garenontzat, gai hau ez da batere dibertigarria.
Ez da batere dibertigarria Donostian eta Euskal Herriko beste hainbat lekutan masa turismoa hartzen ari den larritasuna. Ez da batere dibertigarria horrek eragiten duen gentrifikazioa. Ez da batere dibertigarria horrek lekukoen bizitzengan duen eragin sakona: lan prekarioak, hiriaren merkantilizazioa, bizitzaren garestitzea eta auzoko ehun sozialaren desegitea eta auzoan arrotz sentitzea, besteren artean.
Ez da batere dibertigarria turismoaren inguruan eraikitzen ari den hiri ereduaz halako arinkeriaz hitz egitea komunikabideetan. Ohituta gaude halako kronikak —ezarritako esaldiaren ildotik baitoa kronika guztia— Diario Vasco edo antzeko lerroa duten hedabideetan irakurtzearekin, baina min egiten du Gara bezalako medio batean turismoari buruz hain axolagabe idatzi dutela ikusteak. Arreta eta irmotasun handiagorekin jokatu behar dugu horren aurrean.
2016an bisitariek 1.894.610 aldiz egin dute lo Donostian, aurreko urtean baina %8,4 gehiago. Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzak hirian edukitako eragin ekonomikoaren berri emateko Udalak apirilaren 4an egin zuen prentsaurrekoan jasotako datua da. Hau da, donostiar bakoitzeko hamar gau igaro dituzte hirian bisitariek, aurreko urtean baino 146.815 gau gehiago igaro dituzte hiriko hotel edo ostatuetan.
Hiriburutzak balekoa ozta-ozta lortu zuela zioen prentsaurrekoan Ernesto Gasco Turismo zinegotziak zioen. “Eragin urria”, titulatu zuen albistea El País-ek.
Donostiaren turistifikazioa azaltzeko ere baliagarria zaigu Airbnb enpresak ematen dituen datuak. Airbnb bisitarientzat tarte baterako alokairu irregularrak eskaintzeko plataforma bat da, eta Donostian dituen datuak ikertu dituzte Hirikilabs eta Montera34k. Ikerketaren arabera, plataforma horrek Gasteizen 361 plaza, eta Bilbon 1.484 eskaintzen dituen bitartean, Donostian 4.553 eskaintzen ditu.
Proportzioan etxebizitza bakoitzeko Airbnb-ren iragarki gehien dituzten EAEko hamar auzotatik zortzi Donostian daude. Igeldo (etxebizitzen %6,05 dago Airbnb-n), Ategorrieta-Ulia (%3,51) eta Donostia-Zentroa (%3,15) dira proportzio handienak dituztenak.
Datuak azaltzeko Hirikilabs eta Montera34k egindako mapa:
Kezkagarriak dira datuok, eta are gehiago urte sasoi batzuetan Kontxa eta Alde Zaharretik paseoa eman eta turista uholdeak saihestu behar direnean. Ahaztu egin zaigula dirudi Alde Zaharra auzo bat gehiago dela eta bertakoek lasai bizitzeko eskubidea dutela, eta ohitu egin gara udara iristen den bakoitzean turistek bereganatu dutela ikustearekin. Gutxi ez, eta Eneko Goia alkateak berri ontzat eman zuen turismoaren “desestazionalizazioa”, hots, udatik kanpo ere geroz eta turista gehiago etortzea. Hogei hotel berri eraikitzeko baimena emana du, turistentzako beste 1.200 ohe edukiko dituztenak.
“Gentrifikazio prozesuetan erosahalmen handiagoa duten pertsonek auzoko jendea kanporatzen dute”, Asier Abaunza Bilboko Hiri Planifikazioaren zinegotziak ondo azaldu zuen, mundu mailan gertatzen ari dena. Diario Vasco eta enparauek saltzen diguten turismo mitifikatuan, bisitari guzti horiek onura ekonomikoa dakarte hiritar guztientzat maila berean, bisitariek beren poltsikoak husten baitituzte Donostian. Errealitatean, gutxi batzuen negozio dena, prekarietatea, auzo identitatearen galera, masifikazioak eta bizitzaren garestitzea dira gainontzekoentzat. Airbnb da horren erakusleetako bat.
Azaldu beharra dago nola funtzionatzen duen Airbnb-k. Edonork etxe huts bat, edo gela huts bat baldin badu —aste bakarrez bada ere—, Airbnb-rekin kontaktuan jarri eta alokairu “altruistan” jar dezake. “Altruista” diot, El País-ek kolaborazio ekonomia gisa bataiatu baitu plataforma —Uber eta bestelakoekin batera—, baina ekonomia mota horrek ez du ezer altruistatik. Kontzeptu polit horiek masifikazio turistikoa atseginago irudikatu besterik ez dute egiten. Bai, hotelak eta ostatuak bezalako bitartekariak alboratu eta pertsonak modu zuzenean jartzen ditu harremanean haien beharrizanak asetzeko, baina logika ekonomikoa betikoa da: dirua duen bisitariak dirua ematen dio gela hutsaren jabeari, eta horrek bere zerbitzua ematen dio, Airbnb-k eramaten duen etekinaz gain. Laburbilduz, dirua bitarteko duen betiko hartu-emana. “Kolaborazio” gutxi.
Argi eduki behar da Airbnb-n negozioa egiten duenak baliabide ugari dituelako dela. Egoera ekonomiko txarrean dagoenak ere baliatzen du plataforma bere egoerari irteera ematen laguntzeko, bere ezintasunean Donostiaren merkantilizazioa eta gentrifikazioa bultzatzem ari bada ere. Baina benetan poltsikoa betetzen dutenak baliabide ugari dituztenak izango dira, plataformaren datuek erakusten baitigute Donostiako Airbnb-n oso desoreka handiak daudela.
Donostian plazak eskaintzen dituzten Airbnb-ko hamar erabiltzailek 1.119 plaza eskaintzen dituzte: erabiltzaileen %1,4k oheen laurdena eskaintzen du, Hirikilabs eta Montera34k egindako ikerketaren arabera. Plaza gehien eskaintzen dituen erabiltzaileak, FeelFree Rentals delakoak, 254 plaza eskaintzen ditu. Argi dago ez dela sos batzuk ateratzea asmo duen hiritar arrunta, baizik eta Donostia turistentzako parke tematiko bilakatuta negozioa egiten duen norbait. Baina Airbnb-rekin gutxi batzuk aberasten badira ere, etortzen diren turista masa, eta horrek dituen eraginak denok sufritzen ditugu.
Donostian hainbeste hotel, ostatu, Airbnb eta udako bigarren etxe egoteak esan nahi du negozio emankorra dela, betiere baliabideak dituenarentzat. Negozioa badagoenez, Engel & Völkers bezalako inbertsio-inmobiliariak han eta hemen dabiltza etxebizitzak erosteko eskaintzak egiten. Bartzelonan eta Venezian gertatzen ari den antzera, turista masez nekatuta, turisten poltsikoari begira egindako denda eta tabernetako prezioak ordaindu ezinean zorpetuta, tabernari lan prekarioak ematen duen soldata urriak itota, edoeta zure auzoa erakusleiho bilakatu dela ohartutan, etxea salduko dio Alde Zaharreko bizilagunak higiezinen agentziari honek negozioa egiten jarrai dezan. Hala, erosahalmen txikia duten bizilagunek auzoa utzi beharko dute, eta erosahalmen handiago dutenek ordezkatuko dituzte. Gentrifikazioa.
Eta argi esan behar da. Hori ez da batere dibertigarria.