argia.eus
INPRIMATU
Bizikletena da etorkizuna
  • Autoen eta garraio publikoaren erabilera gutxitu da konfinamendu garaian, eta bizikletaren aldeko apustua gero eta herritar gehiagok egin du leku batetik bestera mugitzeko. Autoentzako ziren espazioak bidegorri bihurtu eta bizikletaren alokairua doan eskaini dute hiri ugaritan. Aukera baliatu behar dela dioten ahotsak asko dira, epe ertain eta luzera begira ere neurri horiek mantenduz eta indartuz bizikleta nagusitu dadin garraiobide gisa, berriro denak autoa hartzera itzuli ordez.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko maiatzaren 07a
Argazkia: Dani Blanco

Hori baita askoren kezka: deskonfinamenduan, garraio publikoaren erabilera gutxitzea, jendea kutsatzearen beldur izango delako, eta autoa ateratzea indartuta –eta gainera, autoan pertsona bakarra edo pare bat joatea, ez kutsatzeko neurri gisa–. Horren aurrean, mugikortasun jasangarriaren aldeko mugimenduek aurre hartzeko eskatu diete agintariei, hirigintza birpentsatu eta autoak nagusi diren kaleak oinezko eta bizikletentzako erabilgarriago egin ditzaten.

Agintarientzako eskaera garbia da: ez daitezela izan soilik une honetarako neurriak, abiapuntua baizik, mugikortasun eskema eraldatu eta bizikletak eta oinezkoak lehenesteko

Hiriko auzo batetik bestera edota inguruko herrietara desplazatzeko, bizikleta garraiobide aproposa dela nabarmendu dute ikuspegi ugaritatik: mugikortasun aktiboa bultzatzen du, ingurumenarentzako onuragarria da eta distantziak mantentzea komeni den garaiotan, txirrindulariak isolatuta egiten du bidaia batetik bestera. Hiria aldapatsua dela edo distantzia luzea dela? Bizikleta elektrikoa aukera aproposa izan daiteke.

Koronabirusaren ondorioz, hiriak birmoldatzen ari dira udal asko, bidegorri gehiago egiten, espaloiak zabaltzen, autoentzako erraiak kentzen… Agintarientzako eskaera garbia da: ez daitezela izan soilik une honetarako neurriak, abiapuntua baizik, mugikortasun eskema eraldatu eta bizikletak eta oinezkoak lehenesteko.

Lanera bizikletan doanarentzat, pizgarri fiskalak

Euskadiko hiri txirrindularien elkarteek, Biziz Bizi, Kalapie, Bizikleteroak, Gurpilartea eta Balazta-k adierazi dute bizikleta ibilgailu, merke, eraginkor, seguru eta ekologikoa izan arren, oro har ez dela aukerako garraiobide gisa jotzen, "jendea ez baita ausartzen errepidetik bizikletaz ibiltzen, baina errai seguruak bultzatuz gero, erabiltzaile gehiago erakarriko lituzke aukera honek".

Elkarte hauek hainbat neurri zehatz eskatu dizkiete agintariei. Besteak beste, hirigunean gehienezko abiadura 30 kilometro ordura jaistea, oinezkoentzako eta txirrindularientzako espazioak handitzea, hiri eta hiri-arteko bizikleta bideak ezartzea, bi norabideko bizikleta erraiak norabide bakarrekoak bihurtzea –kalearen bi aldeetan erraiak dituzten kasuetan–, semaforoen txandak aldatzea txirrindulari eta oinezkoek lehentasuna izan dezaten, bizikleta publikoen zerbitzua martxan ipintzea edo mantentzea, bizikletak aparkatzeko leku seguruak ugaritzea, bizikletak erabili eta erosteko pizgarri ekonomikoak sustatzea, eta lanera bizikletan doazen pertsona guztientzat eta bizikleta sustatzen duten enpresentzat pizgarri fiskalak bultzatzea.