argia.eus
INPRIMATU
Bizikletarien segurtasuna aldarrikatzeko mobilizazioak Bilbon
ARGIA @argia 2018ko azaroaren 14a
Istripu batean hildako bizikletari baten heriotza tarteko, Bilboko Udalaren parean Biziz Bizik deitutako elkarretaratzea, 2016an (Argazkia: Ecuador Etxea)

Bilboko Sabino Arana eta Autonomia kaleen arteko bidegurutzean zapaldu zuen asteartean kamioi batek Irene, bizikletan zioan 46 urteko emakumea. Istripuaren tokitik abiatuko da asteazkenean Biziz Bizi Hiri Bizikletari Elkarteak deitutako manifestazioa, arratsaldeko 19:00etan. Biktima oroitu eta bizikletarientzat segurtasun neurriak hartzea exijituko zaie Bilboko Udaleko arduradunei. Manifestazioaren ostean, 20:00etan, elkarretaratze isila egingo da Bilboko Udalaren aurrean. Mobilizazioetara beltzez jantzita joateko deia egin dute.

Bilboko Udalari bizikleta gidarien segurtasuna bermatuko duten neurriak hartzeko eskatzen, luzez dihardute Bilboko bizikletariek. Autoen abiadura orduko 30 kilometrora mugatzea da neurriotako bat, hiriko zenbait kaleetako erreietako batean bada ere, eta hauek bistaratzeko seinalizazio egokia jartzea.