argia.eus
INPRIMATU
Bizikletaren erabilerak motorrarena gainditu du EAEn
  • EAEn bizikletaren erabilerak gorakada handia izan du azken urteetan: 2011n bizikletaz eginiko ia 117.000 joan-etorri erregistratu ziren, motorren erabilera gaindituz.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 06a
Hirietako azpiegiturak bizikletaren erabilerara oraindik gehiago egokitu beharra dagoela azpimarratu du Oregik (argazkia: irekia.euskadi.net)

 Hala esan du Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro eta Lurralde Politikako kontseilari Ana Oregik larunbatean emandako hitzaldi batean.

Hitzaldia Gasteizen izan da, Espainiako Estatuan egin ohi den Bizikleta eta Hiria kongresuaren hamargarren deialdian. Oregi Javier Maroto alkatearekin, Marta Ruiz Ingurumen eta Hirigintza Saileko diputatuarekin eta Bizikleteroak elkarteko zuzendari Ana Zugazagoitiarekin agertu da. “Krisi egoera baliatu behar dugu hiriko bizimoduan aurrerapauso bat emateko. Hirietan, izan ere, mugikortasun jasangarria ezinbestekoa da”.

“Gasteizen aurrerapauso asko egin ditugu, baita gainontzeko hiriburuetan ere. Gure hiriburuko Eraztun Berdea, Donostiako Sagüesetik Haize Orrazirainoko ibilbidea edota Bilboko Abaindoibarrakoa bezalakoak ugaritu beharko lirateke”, gehitu du kontseilariak.

EAEn garatu den kontzientzia berdea hein batean bizikletaren erabileragatik eman dela esan du Oregik. “Gure seme-alabak bizikletak euren bizitzaren parte izanik jaio dira, eta maiztasunez eta gogotsu erabiltzen dituzte”, gaineratu du. EAEko biztanle guztien bizitzaren parte izan daitezen, azpiegiturak oraindik gehiago egokitu beharra defendatu du.

“Bizikletaren erabilerak, oinez ibiltzeak eta garraio publikoak hiriko joan-etorrien oinarrian egon beharko lukete” esan du kontseilariak.

Igandean, bestalde, Bizikleteroak elkarteak antolatutako bizikleta martxa egin da Gasteizen, garraio horren erabilera sustatzeko. Oregik ere parte hartu du bertan.