argia.eus
INPRIMATU
Bizikletaren erabilera bultzatzen ari dira hainbat hiri koronabirusaren aurreko neurri moduan
  • Munduko hainbat hirik bizikletaren erabilera bultzatzeko neurriak hartu dituzte, koronabirusaren hedapena saihesteko garraiobide egokia delakoan. Pandemiaren irteerarako ere neurri eraginkorra izango dela sinetsita daude hainbat osasun aditu. Euskal Herrirako adibide izan daitezke, nahiz eta zaila den burutik kentzen konfinamendu hasieran lanera bizikletan zihoan herritarrak ertzainekin izan zuen enkontrua.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 16a

Laura Galaup kazetariak bildu ditu eldiario.es hedabidean koronabirusaren hedapena saihesteko neurri gisa hainbat hirik bizikletaren erabilera bultzatzeko martxan jarri dituzten politikak.

Alemanian Osasun ministroak eta ikerlariek gomendatu dute

Berlin hiriko zonalde batzuetan bizikleten karrilak zabalago egin dituzte, txirrindularien artean 1,5 metroko segurtasun distantzia gorde dezaten, baliatuz pandemiaren garaian jarritako neurrien ondorioz trafikoa gutxitu egin dela eta beraz, lekua libratu dela errepideetan.

Jens Spahn Alemaniako Osasun ministroak duela hilabete gomendatu zuen bizikleta erabiltzea, garraio bide hori egokia delako koronabirusari aurre egiteko distantziak mantentzeko.

Osasun fisiko, mental eta mugikortasunean espezialistak diren hainbat ikerlari alemanek gutun ireki bat argitaratu zuten martxoaren 31n, oroitaraziz bizikletan ibiltzeak laguntzen duela "kutsatzeko arriskua gutxitzen" eta administrazioei eskatu zieten "azpiegituretan egokitzapenak azkar egitea", eta batez ere abiadura mugak jaistea, istripuak gutxitzeko.

Zeelanda Berria, Kolonbia eta Budapestek kilometroak gehitu dizkiote bizikleten sareari

Zeelanda Berriko Garraio ministro Julie Anne Genter-ek iragarri du azerak zabalago egin eta aldi baterako bizikletentzako karrilak eraikitzen dituzten hiriei, galtzada egokitzeko lan hauen %90a Gobernuak finantzatuko duela.

Kolonbiako Bogotá hiriburuak lehendik 550 kilometro errepide zituen bizikletentzako, eta martxoaren erdialdera aldi baterako beste 117 kilometro gehiago egokitu dituzte bizikletentzako.

Budapestek ere aldi baterako karrilak zabaldu ditu bizikletentzako. Iragarri du karril hauek irailera arte egongo direla erabilgarri, baina esperientzia positiboa bada, karril hauetako batzuek "finko bihurtu ahal izango direla pandemia pasa ostean".

Alokairuko bizikletak doan Brusela, Londres, Berlin eta Glasgow-en

Brusela hirian osasun langileei doan uzten die alokairuko bizikleta elektrikoak erabiltzen Billy etxeak, eta gainerako herritarrei ez dizkie kobratzen lehen 15 minutuak.

Glasgow hiriko udaletxeak akordioa egin du bizikletak alokairuan dituen Nextbike etxearekin, osasun langileak doan joan daitezen lanera. Londresek neurri berari eutsi dio.

Berlinen kasuan udala da bizikletaren alokairuaren lehen 30 minutuak ordaintzen dizkiena, herritar guztiei.