argia.eus
INPRIMATU
Bizikletak birziklatzeko eta konpontzeko tailerra zabaldu dute Irunen, mugikortasun jasangarria aldarri
  • Oinezkoak, txirrindulariak eta garraio publikoa lehen lerroan jartzeko borrokan bost urte daramatzan Irun-Hondarribiko Balazta elkarteak urrats berri bat eman du: lokala lortu eta bizikleta zaharrak berritzeko eta norberak berea konpontzeko tailerra ireki du, bazkide sistema oinarri eta “mugikortasun jasangarrirako trantsizioan" aurrerapauso.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko azaroaren 09a
Argazkia: Balazta

“Txirrindularien segurtasuna defendatuz eta bizikletaren erabilera sustatuz” 2016tik darama Balazta Bidasoako bizikletaren aldeko elkarteak. Hiri ereduek autoaren nagusitasuna alboratu eta bestelako mugikortasun bat bultzatu dezaten borrokatzen eta udalekin eztabaidatzen segitzen du, Hendaia, Irun eta Hondarribia Txingudi badiako hiru herrien arteko bizikletazko lotura egunen batean ikusteko esperantzaz.

Ehun bizikleta

Orain, Irungo Udalak utzitako egoitza baliatuz, bizikleta zaharrak berritzeko proiektua eta bizikletak konpontzeko tailerra jarri dute martxan, baita piezak merke eskuratzeko edota bigarren eskuko bizikletak lortzeko aukera ere. Ehun bizikleta zahar inguru dituzte jada, handik eta hemendik lortuak, birziklatzeko eta bizitza berri bat emateko.

Bazkidetza sistema du oinarri Balaztak, eta urtean 20 euro ordainduta baliatuko du txirrindulariak tailerra (urtean 10 euro langabea edo ikaslea izanez gero).

Ez da Irungoa mota honetako proiektu bakarra. Hainbat herritan abiatu dituzte bizikletak autonomoki edo beste bazkideen laguntzaz konpontzeko eta elkarren artean ikasteko tailerrak. Esaterako, bigarren eskuko bizikletak berreskuratzen esperientzia badu Hendaiako Recy’clarte elkarteak, eta harekin hartu-emana indartu nahi du Balaztak.