argia.eus
INPRIMATU
Bizikleta martxa jendetsua egin dute Gaintxurizketara, txirrindularientzako segurtasuna eskatzeko
  • Mila lagun baino gehiago elkartu dira bizikleta martxan, Irunen urtarrilaren 8an auto batek jota hil zen Jon Rodriguez txirrindularia omentzeko, eta ziklistek errepideetan segurtasuna izan dezaten galdegin dute. Egun berean gidari bat atxilotu dute txirrindulari bat nahita harrapatzeagatik Hondarribian.

Leire Artola Arin 2022ko urtarrilaren 17a
Auto batek Jon Rodriguez txirrindularia hil zuen lekuan bizikleta zuri bat jarri zuten omenaldi gisa. (Argazkia: Urtzi Urkizu / Berria).

Segurtasuna Bizikletentzat lelopean bizikleta martxa deitu zuten urtarrilaren 15erako bizikleten aldeko Gipuzkoako zenbait elkartek eta txirrindulari taldek. Deialdia arrakastatsua izan da, Urtzi Urkizu Berriako kazetariak jakinarazi duenez mila lagun baino gehiago igo baitira bizikletaz Gaintxurizketara, urtarrilaren 8an bertan auto batek jota hil zen Jon Rodriguez ziklista omentzeko. Hondarribiko gizonak 43 urte zituen, eta hura oroitzeko txirrinda zuri bat jarri dute bide ertzean, hain zuzen, Irungo GI-636 errepideko bederatzigarren kilometroan, Errenteriaranzko norabidean.

Omenaldi ekitaldia izateaz gain, aldarrikapen unea ere izan da. Ehunka pertsonak eskari bera egin dute: neurriak har ditzatela txirrindularientzat errepideak seguruak izateko. Rodriguezena bezalako ezbehar gehiago egon ez daitezen eskatu dute eta gogorarazi Gaintxurizketa eremu arriskutsua dela ziklistentzat; hori aldatu beharra dagoela.

Beste ziklista bat ospitaleratuta

Larunbatean bertan beste ziklista bat harrapatu zuen furgoneta batek Hondarribiko Mendelu auzoan. Oraingoan, gidaria atxilotu dute, txirrindularia nahita harrapatu eta jarraian ihes egin izana egotzita. Berria egunkariak jaso duenez, Hondarribiko Udaltzaingoak jakinarazi du harrapaketaren aurretik eztabaida bat izan zutela txirrindulariak eta gidariak. 69 urteko ziklista ospitalera eraman behar izan zuten, buruan hartutako kolpearen ondorioz.