argia.eus
INPRIMATU
Bizikleta eta garraio publikoaren alde, itsasadar azpiko autobiderik ez!

GuNe Uribe Kosta 2021eko urtarrilaren 29a

Pobrezia gora doan garaiotan adar jotze galanta da itsasadarpeko tunela egiteko Bizkaiko Foru Aldundiak 400 milioi euro baino gehiago xahutu nahi izatea. Gainera, azpiegituraren dimentsio ekonomiko zein teknikoak ikusirik, nork ziurta diezaguke proiektu hori benetan eraiki ahal izango denik edo eraikitzekotan ordurako petrolioa eta autoak existituko direnik ere? Ez al dugu nahikoa izan AHTa bezalako proiektu faraonikoen porrotarekin? Beste zulo bat behar dugu langileok sortutako aberastasunaren kontu?

Klima larrialdian gauden arren, Bizkaiko Foru Aldundiak aspaldiko logika “desarrollista” zaharkitua darabil kotxearen erabilera sustatzen duten azpiegiturak eraikiz. Supersurra eraikitzeko Bolintxu suntsitzen ari direnek, itsasadarraren azpitik igaroko den hiru kilometro eta koskako “supertunela” eraiki nahi dute. Kontuan izan behar dugu, egun C02 isurketa gehiena kotxe pribatuena dela EAEn, industriarena baino gehiago alegia, eta hori Petronor gurean dela.

"Supersurra eraikitzeko Bolintxu suntsitzen ari direnek, itsasadarraren azpitik igaroko den hiru kilometro eta koskako “supertunela” eraiki nahi dute"

Aitzitik, gobernariek ez dute Areeta eta Bilbo bidegorriarekin lotzeko sosik inbertitzen. Ez eta garraio publikoa hobetzeko, sustatzeko eta merkatzeko ere. Esaterako, metroaren prezioa urterik urte igotzen da, 25 urtetik aurrera ez dago urteko txartela edukitzeko aukera, hileko txartelak metroan baino ez du balio, Bizkaibusean ordaintzera behartuz; Uribe Kostako metroen maiztasunak urteak daramatza hobetu barik, Getxotik at dauden herriak Bizkaibusak Bilborekin ez ditu lotzen, eta autobus zerbitzuak orduan behin baino ez dira igarotzen.

Bestalde, azpiegitura honek ez du balioko kotxe pilaketak ekiditeko. Izan ere, Santanderretik Donostiara doazenak hortik igaroko dira Leioako Avanzada zeharkatuz Txoriherriko korridorea hartzera, eta Ezkerraldean bizi eta Txoriherrin lan egiten dutenek lurrazpiko autobide hau hartuko dutela pentsatzea zentzuzkoa da.

Hala ere, arazoa ez da Avanzadako kotxe pilaketa. Arazoa autoarekiko eraiki diguten menpekotasuna da. Bilboko metropolia kotxearentzat eraiki da eta Uribe Kostari gune erresidentziala izatea egokitu zaio. Ondorioz, jende ugari doa egunero eskualdetik kanpo lan egitera. Egoera honetan, eskualdean ezarritako etengabeko hazkundeak mugikortasun arazoak areagotu besterik ez ditu egiten.

Autobide berri honek ez du sortuko etorkizuneko mugikortasunaren paradigma berririk Aldundiak saldu nahi duen moduan; etorkizuneko mugikortasuna baldintzatuko du iraganeko paradigma mantenduz. Horregatik, faraonikoa, antiekologikoa, antisoziala, inposatua, zaharkitua eta kaltegarria den proiektu hau deitoratzen dugu.

Bizikleta eta garraio publikoaren alde eta itsasadarpeko autobidearen proiektua salatzeko urtarrilak 30ean, zapatua, elkarretaratzea deitu dugu Biziz Bizi, Sukar Horia, GuNe eta Azkorri Bizirik taldeek, krisi ekologiko eta soziala salatzeko egingo diren Aldaketaldia mobilizazioen baitan. Bizkaiko Zubian, Getxoko aldetik, 12:00etan. Gainera, 11:00etan bizikleta martxa bat irtengo da Getxoko Andra Mariko kiroldegitik Bizkaiko Zubira Azkorri Bizirik taldeak deitua, eta Bilbotik Areetaraino bidegorria aldarrikatzen duen ohiko bizimartxa antolatu dute Biziz Bizi taldetik.