LABI batzordeak uztailaren 14an ezarri du neurria, dekretu bidez. Ostiralean sartuko da indarrean. Eremu publikoetan jende pilaketek eragindako kutsatzeak saihestea du helburu.
Gauerdiko hamabietatik goizeko seiak bitartean, eremu publikoetan bizikideak ez diren pertsonen topaketak debekatu ditu LABIk. Neurria dekretu bidez onartu du asteazkenean, eta uztailaren 16an (ostirala) sartuko da indarrean.
Goizaldean parkeetan, plazetan eta gainontzeko eremu publikoetan jendea pilatzea ekidin nahi dute neurri horrekin. Jaurlaritzak udalen esku jarriko du pilaketak egon ohi diren eremuak zeintzuk diren zehaztea.
Urkulluk Gasteizen egiten ari diren ikastaro batzuetan azaldu du kasuen gorakada “birusaren aldaera kutsakorrago” baten ondorioa dela. Berria hedabideak jaso duenez, lehendakariak maskara ez jartzeak izan duen eragina ere azpimarratu du, eta musukoa erabiltzeko deia zabaldu die biztanleei.
Azken datuen arabera, EAEn intzidentzia metatua 377,89koa da. Azken bederatzi hilabeteetako zifrarik handiena da, 2020ko urritik egon den altuena. Erkidegoa eremu gorrira pasatzeko zorian dago, intzidentzia metatua 400 kasura hurbiltzen bada. Gainera, Bizi Berri IV kontingentzia planak 300 kasurako egoera baino ez du aurreikusten.
Bizkaian 462ko intzidentzia metatua atzeman dute, eta zazpi udalerri daude eremu gorrian. Gipuzkoan, berriz, 463koa da zifra; 14 udalerri daude eremu gorrian, Donostia barne. Araban, egoera hobea da, 277an baitago intzidentzia metatua. 7 udalerri daude laranjan.
Uztailaren 7an bildu zen LABI azken aldiz, eta bertan, indarrean zeuden Bizi Berri IV planeko neurriak mantentzea erabaki zuen. “Ez jaiak” eta bestelako festak ez egiteko gomendioa ere zabaldu zuten. Oraingoan, planeko neurriak aplikatzeaz gain, dekretu bidez emandako arau hau gehituko da. Kasuen eboluzioa aztertzeko, uztailaren 22rako deitu du LABIk hurrengo bilera.