argia.eus
INPRIMATU
Bizik gibelatu du larunbatean abiazioaren kontra egitekoa zen mobilizazioa
  • Bizi erakundeak erabaki du larunbatean, urriak 3, abiazioaren kontra antolatutako mobilizazioa atzeratzea, "jakinez aintzin ikusiak diren meteorologia baldintzek ez dutela mobilizazioaren ongi iragaitea eta egun horretan hegazkinen zirkulazioaren blokatzeko zonbait ekintzen segurtasuna bermatzen". Hala ere, Frantziako estatuko 18 hiritan burutuko dituzte mobilizazioak, besteak beste Bordele, Clermont-Ferrand, Lille, Marseille, Nantes, Nice eta Parisen.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 02a

Hasiera batean, larunbat honetan, urriaren 3an, aireko trafikoa murriztearen eta sektorearen berregokitzapenaren aldeko mobilizazioak egitekotan ziren Biarritzen, elkarretaratze alai eta herrikoi bat eta beste hainbat ekintza, hegazkinak lurrean iltzaturik atxikitze helburuz. Ondoko mezua zabaltzea zen helburua: "Herritarrek ez dituzte pairatu nahi klimaren arloan gobernuen alfer egoitearen ondorioak, aireko trafikoaren ttipitzea eta sektore aeronautikoaren industriaren eta enpleguen berregokitze plana plantan emaiterat presazkoa da. Plan horretan  langileek, hautetsiek eta herritarrek elkarrekin hitz eginez pentsatuko dute gure lurraldeen errealitateari integratua den gure mugikortasun sistemaren berrantolaketa". Lapurdin burutu beharreko mobilizazio hau da Bizik atzeratzea erabaki duena, astebururako aurreikuspen meteorologikoak direla eta.

Aldiz, Frantziako estatu mailan Alternatiba eta ANV Action Non-Violente COP21 mugimenduek aurrera egingo dute mobilizazio planekin 18 hiritan:  Bordele, Clermont-Ferrand, Lille, Marseille, Nantes, Nice, Paris... izango dira martxak, txirrindiraultzak, elkarretaratzeak eta aireportu okupatzeak  justizia ekonomiko, sozial eta klimatikoa aldarrikatzeko.  

"Larrialdi klimatikoaren aitzinean –dio Bizik bere oharrean– gure berotegi efektuko gasen isurketak, zorrozki behar ditugu ttipitu, alta aeronautika sekoreak Frantses Estatuaren karbono aztarnaren %7aren ardura badu. Osasun krisiaren ondorioz, gobernuak sektore horri eman dituen diru laguntzak, berregokitze ekologikoaren eta enpleguen begiratzearen arloan ordainez deus galdatu gabe eginak izan dira. Nahasmendu klimatikoaren arrazoien kontrako mobilizazioek jarraitu behar dute, horregatik, Bizik aitzin ikusiak zituen ekintzak gibelatzen ditu beste egun batera, eta denak gomitatuak izanen dira saldo handian parte hartzerat".